Hogei instalazio ikusi ahalko dira Umbra Light Festival jaialdian

Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 16:34

Umbra Light jaialdiaren 2023ko edizioa. Argazkia: ALEA

Jaialdiaren laugarren edizioan, berrogei artisten lanak aurkeztuko dituzte Gasteizko kale eta eraikin esanguratsuetan, otsailaren 14tik 16ra bitartean.

Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainiako, Frantziako, Alemaniako, Herbehereetako, Italiako, Koreako, Argentinako eta Australiako berrogei artista inguruk sortutako 21 argi instalazio ikusi ahal izango dira otsailaren 14tik aurrera, asteburuan zehar Gasteizko kaleetan eta eraikinetan, Umbra Light Festival jaialdiaren laugarren edizioaren barruan.

Jaialdia ARGIA 3 kultura elkarteak antolatu du, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioa laguntzarekin eta sustapenarekin. Edizio honek Alde Zaharreko, Zabalguneko eta Lovainako plazak, eraikinak eta espazio esanguratsuak izango ditu protagonista, baina Koroatze, San Martin eta Anglo auzoetara ere zabalduko da, "arte bisual eta digitaleko adierazpenak, hiriko espazioko esku hartzeak eta teknologia berrien erabilera barne hartzen dituen mosaiko bat sortuz".

Jaialdia otsailaren 14an, 15ean, eta 16an egingo da, 19:00etatik 23:00etara; baina bi lanek ordutegi zabalagoa izango dute: Maxime Houot-en Collectif Coin eta O de Tiler Gab-en Ataraxie erakusketak Europa Biltzar Jauregian egongo dira, 16:30etik 23:00etara, eta bisitariek aukera izango dute proposamen artistiko horiek aztertzeko, ilundu arte itxaron beharrik gabe.

Aplikazio berria

Umbra Light Festival jaialdiak, berrikuntza gisa, gailu mugikorretarako aplikazio bat eskainiko du edizio honetan, bisitariei "esperientzia arinagoa eta osoagoa" emateko. Hala, tresna digital horri esker, bertaratuek erraz eskuratu ahal izango dute informazio praktiko guztia ekitaldiaz gozatzeko (ibilbidea, instalazioen deskribapena eta kokapena, ordutegiak…).

APPa modu errazean deskarga daiteke, Umbra Light Festival jaialdiko komunikazio euskarri eta elementu guztietan eta umbrafestival.com web orrian eskuragarri dagoen QR kodea eskaneatuz. Aplikazioak bi atal nagusi ditu: jarduerak eta ordutegiak jasotzen dituen programa, eta mapa interaktibo bat, instalazio guztiak kokatzeaz gain, ibilbidea errazten duena erabiltzailearen kokapena oinarri hartuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago