Adurtzako bizilagunek 1025-2025 milurtekoa ospatuko dute urte osoan zehar. Duela mila urteko dokumentu batean gorde da Adurtza izena, Adurzaha izena zehatzago, Donemiliagako Goldean. Milurtekoa ospatzeko, larunbatean kalejira egin zuten auzotik, dantzaldi, DJ eta bestelakoek girotuta, eta hala hasi zuten urte osoko egitaraua. Auzoko bizilagunek duten "izaera propioa" nabarmendu dute Adurzaha ekimenetik, eta gogorarazi komunitate sentimendu sendoa duela.
Urte osoan zehar mendi irteerak antolatuko ditu Basotxo mendi klubak, Adurtzatik abiatuta, eta otsailaren 18an hitzaldia eskainiko dute zentro sozialean 18:00etan Adurzaha eta Adurtzaren historiari buruz. Adurtzako beste hainbat eragilek, dantza taldeak, Bizanek, ikastolak eta beste askok ere parte hartuko dute datozen hilabeteetarako jarduerak prestatzen.
Auzoaren baloreak ere aldarrikatu nahi izan dituzte, milurtekoa ospatzeko zabaldu duten agirian. "Jatorri eta kultura anitzeko herritarren aurka izaten ari diren jarrera erreakzionarioen aurrean harrera auzoa izango dena; auzo euskalduna, feminista, guztiak zaintzaile eta zainduak izango garen auzoa; finean, auzo bizia eta bizigarria".