OPA Osasungintza Publikoa Aurrera herri plataformak deituta, manifestazio jendetsuak egin dituzte larunbat honetan Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Ehunka lagunek parte hartu dute Arabako hiriburuan antolatutako martxan. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari mezu bat bidali diote: "Ez digute balio irudi kanpainek eta promesek, egiturazko arazoetarako benetako konponbideek baizik".
Ildo horretan, "pribatizazioarekin amaitzea eta dagoeneko pribatizatutako zerbitzuak berreskuratzea" exijitu dute; alegia "gehiago inbertitzea eta hobeto inbertitzea, Lehen Mailako Arreta lehenetsiz". Eredu aldaketa bat ere eskatu dute, prebentziora eta osasun sustapenera bideratua. "Lehen Mailako Arreta sendoa, gertukoa, aurrez aurreko kontsultekin, gomendatutako kupoekin eta arreta kalitatea bermatzeko nahikoa denbora duten kontsultekin exijitzen dugu; eta itxaron zerrendak murriztea". Hartara, esparru publikotik osasun pribatura "euro bakar bat ez bideratzea" exijitu dute manifestariek.
Datuetan, kontraesanak
Zalantzan jarri du OPA herri plataformak Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak osasun publikoaren inguruan emaniko datuak; eta salatu du "marketing kanpaina intentsiboa" garatzen ari dela, "errealitatea manipulatzen duten datuak eskainiz, herritarrak nahasteko eta desmobilizatzeko helburuarekin". Osasun sailburuaren datuetan kontraesanak ikusi ditu plataformak: "Klinika pribatuetara desbideratzen diren partidak %65 murriztu dituela dio, hori frogatzen duten daturik eman gabe. Egia balitz, murrizketa hori aurrekontuetan islatu beharko litzateke. Hala ere, 2024ko eta 2025eko aurrekontuetan klinika pribatuetara bideratutako partidak handitu egin dira", ziurtatu du plataformak.
Oraindik, osasun publikoaren errealitate "gordina" dagoela azpimarratu du plataformak, eta oraindik pandemia aurreko zifretatik gora daudela, "espezializatutako arretan 19 hilabete baino gehiagoko itxaron zerrendak daudela, familia medikuntzan aste bat, eta agenden handitzea, batez ere familia medikuntzan, lan kargak handitzea eta arreta denborak murriztea". Azken finean, arretaren kalitatea okerrera egin duela uste dute.