Bost urte luzez itxita egon ondoren, otsailaren 1etik zabalik izango da Osakidetzako San Martingo EAG. Gasteizko Teodoro Dublang Margolariaren kaleko 23. zenbakian dago, eta premiazkoak ez diren larrialdiak dituzten pazienteak artatuko ditu asteburuetan eta jaiegunetan, 9:00etatik 24:00etara.
San Martingo EAGk, txanda bakoitzean, talde bat izango du, honako hauek osatua: medikuak (3 + 1 BAME), erizainak (3 + 1 BAEE), administrariak (2) eta zerbitzuko laguntzaileak (1). Dotazio hori azken 10 urteetan Gasteizko EAGetan artatutako pazienteen zifrak aztertu ondoren zehaztu dela adierazi du Osasun sailak.
Artatuko diren gaitzak
San Martingo EAGk sintoma arinentzako arreta eskainiko du, hala nola katarroa, sukarra, arnasteko zailtasuna, mina, beherakoa, goragalea, gernu-sintomak, zauriak, erredurak, hozkadak, ziztadak, sudurreko odoljarioa, traumatismoak, zorabioak, bertigoak eta erreakzio alergikoak.
Gainera, injektagarriak edota atzeraezinak diren txertoakere ematen dira, hala nola antitetanikoa, eta urgentziazko kontrazepzioa ematen da (biharamuneko pilula). Era berean, zundak edo bendajeak bezalako gailuak jarri, zaindu eta kentzen dira, eta gorputz arrotzak (larruazalekoak, belarrietakoak, begietakoak, etab.) erauzten dira.
Egiten diren oinarrizko proba diagnostikoen artean, honako hauek sartzen dira: elektrokardiogramak (ECG) bihotzeko arazoen hasierako ebaluaziorako, glukosa kapilarraren neurketa, infekzioak, haurdunaldikoak eta abar detektatzeko test azkarrak, eta bizi-konstanteen monitorizazioa (bihotz-maiztasuna, tentsio arteriala eta oxigeno-saturazioa).
EAGko langileek sendagaiak errezetatu eta premiazko kontsultak ebatzi ditzakete sendagaiak uztartzeari buruzko gaietan. Pediatriako arreta ere eskaintzen da patologia akutuak ebaluatzeko 6 urtetik gorako pazienteetan, erreferentziazko pediatrarekin osasun-zentroan hitzordua izan arte itxaron ezin dutenean. Behar izanez gero, ospitaleko Larrialdietako Zerbitzura edo beste espezialitate batera bideratzen da pazientea.
Bi EAG hirian
San Martin berriro irekitzean, Gasteizek bi arreta gune izango ditu: Olagibeleko EAG: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 24:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan, 9: 00etatik 24:00etara. San Martingo EAG: larunbat, igande eta jaiegunetan, 9: 00etatik 24:00etara.