Gasteizko Udalak udaltzainen 23 lanpostu betetzeko lan eskaintza publikoa onartu du gaur. 2025eko lehenengo eskaintza izango da hau, baina laster beste 25 lanpostu betetzeko eskaintza egingo dutela iragarri du Maider Etxebarria alkateak.
Udal gobernuaren azkeneko bileran onartutako plazek Udaltzaingoan dauden lanpostu hutsak betetzeko balioko dute, erretiroa hartu duten lagunen lanpostuak, eta datozen hilabeteetan aurreko hautaketa prozesuetatik ateratako beste 7 udaltzain ere sartuko dira.
23 udaltzain horiek Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako agente-kategorian sartzeko lan eskaintza Arkautin egingo da, Poliziaren akademian. Alkateak balioa eman nahi izan dio Udaltzaingoaren taldean udaltzain gehiago izateko udal-gobernuak emandako urrats berriari. "Lanean ari gara ahalik eta bitarteko onenak izateko eta, horrela, herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa eskaintzeko. Zeregin horretan ari gara buru-belarri oraintxe bertan", azpimarratu du Etxebarriak.