Foru plazak sei kontzertu hartuko ditu aurten Gasteizko jaietan, abuztuaren 3tik 8ra bitartean. Jaien aurrekoa zein izango den ez dute jakinarazi oraindik, baina prest dira gainerakoak: Bulego (abuztuak 4), Isabel Aaiun (abuztuak 5), Rozalen (abuztuak 6), Mägo de Oz (abuztuak 7) eta Zea Mays (abuztuak 8).
"Urtero, Kultura Sailak egungo musikaren eta azken joeren inguruko azterketa egiten du Foru plazara kontzertu erakargarriak eta modan daudenak ekartzeko. Gaurkotasun irizpide hori aniztasunarekin bateratu behar dugu, kartelak gustu eta adin-tarte guztientzako izenak jaso ditzan", azaldu du Kultura zinegotzi Sonia Diaz de Corcuerak.
Bere hitzetan, kartel honi esker, Gasteizek "musika programazio bikaina" izango du 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietan. Baina bost hitzordu horiei beste bat gehituko zaie abuztuaren 3an, igandean, jaien aurreko kontzertuarekin. Laster iragarriko dute.