Publiko egin dute Gasteizko Udalaren "legez kanpoko" errolda protokoloa

Jon Hidalgo 2025ko urt. 30a, 07:00

Salatu dute "muga arbitrarioek" ehunka pertsonari ukatzen dizkietela oinarrizko eskubideak. Argazkia: Erroldarik gabe izaterik ez!

Errolda eskatzeko baldintzak kontraesanean daude Estatuko legediarekin. Udalaren barne dokumentuak "gehien behar dutenei errolda ukatzeko erreminta" bilakatu dira, Erroldarik gabe izaterik ez! plataformaren esanetan.

Gaur Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu egin dituzte publiko Erroldarik gabe izaterik ez! plataformako kideek. Udaleko langileei errolda eskatzaileekin nola jokatu azaltzen dien protokoloa da bata, eta bestea arau horiei udalak emandako oinarri juridikoa. Legez kanpokoa da araudia salatzaileen arabera, eta beste hainbat iturri eta ebazpen judizial bat datoz horretan. 

2019an gogortu zituen udalak erroldatzeko baldintzak. Ordutik, Gasteizko bizilagun askok ezin izan dute errolda lortu protokoloak ezarritako gehiegizko eskakizunengatik, eta ondorio larriak sortu dizkiela ohartarazi dute. Aldarrikatu dute Gasteizen bizi den edonork bermatua izan beharko lukeela errolda, eta udalari exijitu diote "legez kanpoko neurriak" kentzeko.

Plataformatik gogorarazi dute erroldak ematen duela sarbidea hainbat oinarrizko eskubidetara, hala nola, hezkuntza, osasungintza, zerbitzu publiko edota gizarte laguntzetara. Horregatik, errolda ukatzeak eragin handia du bizilagunengan, batez ere migratzaileengan, eta "ehunka pertsonaren existentzia ukatzea" dela adierazi dute plataformatik. Berez, herritar guztiek dute erroldatzeko "eskubidea eta betebeharra", eta udalek errolda eguneratua izateko erantzukizuna dute, biztanle guztien benetako bizilekuak erakutsi ditzan. Udalerriko biztanleen erregistroa da errolda, besterik ez.

"Legez kanpoko baldintzak"

Erraza beharko luke nor bere etxean erroldatzea. Modu ezberdinak daude norbaiten bizilekua frogatzeko, izan argiaren fakturak, gizarte zerbitzuen txosten bat edota udaleko langileek etxera bisita egitea, han zaudela egiaztatzeko. Baina, gaur plazaratutako dokumentuek erakusten dutenez, Gasteizko Udalak alokairu kontratua edo jabearen baimen esplizitua eskatzen ditu errolda eskaera onartzeko, hau da, "erabilera eskubidea" frogatu ahal izatea. Horrek kanpoan uzten ditu jabeak kontratua egin nahi izan ez dien gasteiztar guztiak, eta bestelako arrazoiengatik erabilera eskubidea frogatu ezin dutenak.

Gainera, udalak ere uko egiten dio jendea erroldatzeari erregularizatu gabeko etxebizitzetan, izan lonjak edo egoera txarrean dauden "infraetxeak". Ildo berean, 7 pertsonako "muga arbitrarioa" ezarri dio udalak etxe bakoitzeko errolda kopuruari, kanpoan utziz etxebizitza jende askorekin partekatzen duten pertsona eta familiak. Batean zein bestean, udalak ezikusiarena egiten dio erroldaren berezko eginbeharrari, jendea errealitatean non bizi den erakustea, kontuan hartu gabe etxebizitzaren legalitate urbanistikoa.

Bi urte daramatzate Erroldarik gabe izaterik ez! kanpainatik hiriko kudeaketaren irregulartasunak salatzen. Autodefentsa Juridikorako Gida aurkeztu zuten iaz, erroldatzeko oztopoak gainditzeko pausoak zehaztuz, eta hainbat bizilagunek lortu dute errekonozimendua horri esker. Azkenerako eskubideak bermatzeko agintzen du legeak, baina epaile batek arrazoia eman arte itxaroteak ere sortzen ditu kalteak. Salatzaileek eskatu dute udalak berehala egin dezala atzera.

Erroldaren salerosketa

Salatu dute udalaren erabakiak eragin duela errolda merkantilizatzea. Izan ere, etxejabeek erabaki dezakete etxean bizi direnei errolda eman ala ez, eta askok negozioa egin dute horrekin. Etxean bizi direnei alokairua kobratu, beste pertsona batzuk eduki bertan erroldatuta, eta haiei ere hilabetero kobratu erroldagatik. Mafia ugari ere sortu dira Gasteizen honen harira, hainbat elkartek salatu izan dutenez.

Erroldarik gabe izaterik ez! plataformatik adierazi dute udalak etxejabeen klase interesak jartzen dituela pertsonen gainetik, eta erabaki politikoa dela errolda oztopatzea. Estatuko legedia argia da, etxebizitzaren egoera eta bizilekuaren legaltasuna edozein direla ere, bizi den lekuan erroldatu behar du udalak. Hala diote 7/1985 legeak eta Espainiako estatistika institutuaren jarraibide lotesleek.

Gasteizko Udalari exijitu diote bertan behera uzteko "protokoloan erabiltzen dituen baldintza eta eskakizun bidegabe eta ilegalak". Era berean eskatu diote neurriak hartu ditzala erroldaren merkantilizazioarekin amaitzeko, eta amaitu dezala etxejabeek erroldarekin jokatzeko duten "gehiegizko eskumena". Prekarietatea eta klase arrakala handitzea leporatu diote udalari, eta Gasteizko bizilagun guztiak errekonozitzeko exijitu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago