Aurten Gasteizko Adurtza auzoak mila urte bete ditu. Mila gutxienez, urteurrenaren jatorria Donemiliagako Goldea dokumentua baita, 1025. urtekoa, eta urte hartan jadanik zergak ordaintzen zizkioten Donemiliagako monasterioari Adurzahako bizilagunek. Orain beste batzuei ordaintzen dizkiete zergak, baina bizirik dirau Adurtzak, eta bizilagun berriek ospakizuna antolatu dute, hamaika ekintza egingo dituzte 2025ean zehar.
Auzoko bizilagunek duten "izaera propioa" nabarmendu dute Adurzaha ekimenetik, eta gogorarazi komunitate sentimendu sendoa duela. Hori ospatu nahi izan dute milurtekoarekin batera. Auzotar eta herritar guztiei egin diete parte hartzeko deiaegin diete. Larunbat honetan, otsailaren 1ean emango diote hasiera urteko egitarauari, 17:30etan, Adurtzako zentro sozialetik abiatuko den kalejira batekin. Hegoalde gizarte etxean jaialdia egongo da, eta 19:30etik aurrera Potxi tabernan luzatuko dute gaua, Malandro eta Rosa Mari Djekin.
Urte osoan zehar mendi irteerak antolatuko ditu Basotxo mendi klubak, Adurtzatik abiatuta, eta otsailaren 18an hitzaldia eskainiko dute zentro sozialean 18:00etan Adurzaha eta Adurtzaren historiari buruz. Adurtzako beste hainbat eragilek, dantza taldeak, Bizanek, ikastolak eta beste askok ere parte hartuko dute datozen hilabeteetarako jarduerak prestatzen.
Auzoaren baloreak ere aldarrikatu nahi izan dituzte, milurtekoa ospatzeko zabaldu duten agirian. "Jatorri eta kultura anitzeko herritarren aurka izaten ari diren jarrera erreakzionarioen aurrean harrera auzoa izango dena; auzo euskalduna, feminista, guztiak zaintzaile eta zainduak izango garen auzoa; finean, auzo bizia eta bizigarria".
Ibilbide luzeko herria
Duela mila urteko dokumentu hartan gelditu zen jasoa Adurtzaren izena, eta baita Arabako beste hainbat herrirena ere, besteak beste, Azazaheta, Burgellu, Opaucu, Hagurahin, Urbina, Zavalla, Armentei edo Gastehiz bera. Adurzaha leku egokian zegoen kokatua, Estorga eta Bordele arteko merkataritza bidean, eta San Cristobal gurtzen zuten garaiko herrixkako elizan, mandazain eta bidaiarien patroia.
Urteak aurrera, Araban hiribilduak sortzen joan ziren, eta gainbeheran joan zen Adurzaha. 1258an Gasteizko hiribilduaren jurisdikziopean gelditu zen, eta hustuz joan zen herrixka, ia desagertzeraino. XX. mendean hasi zen berriz jendez betetzen, Gasteizko auzo bezala orain, eta gaur arte.