Astelehenean inauguratu zuten Gasteizko Angel Ganivet ikastetxean Haur Hezkuntzako zientzia gela, bertako ikasle izandako lau emakume zientzialariren laguntzaz. Helburua da jolasen bitartez zientzia kontzeptu ezberdinak ezagutzea. Eskolako proiektu pedagogikoaren barruan zientzia lantzeko apustua egina du hezkuntza komunitateak, eta zehar-lerro bezala lantzen dute bai Lehen Hezkuntzan, baita orain HHn ere.
Manresako unibertsitateko adituekin trebatu dira irakasleak, bi urtez, eta ikasitakoak etxean aplikatzen hasi dira orain, 0-6 urte bitarteko txikiak zientziara hurbiltzeko, ikuspegi ludiko batekin. Nahiz eta txikienek agian jolastu bitartean ez duten kontzeptu zientifikoa ulertuko, "behintzat esperimentatzen" dutela dio eskolako guraso batek. Zientzia bizitzeko aukera aipatu du, eta aurrerago denbora izango dutela kontzeptuak barneratu edo zentzua emateko.
Iazko otsailean zabaldu zuten berez HHko zientzia gela berria, baina orain erabaki dute inaugurazioa egitea. Zientzia ez da kontu berria Angel Ganiveten, "curriculumeko ardatz nagusi" gisa definitzen dute, eta LHko mailetan badituzte zientzia laborategia eta beste proiektu batzuk martxan. Orain txikienei ere egiten diete eskaintza berezia.
STEAM estrategia erabiltzen dute Scratch programazioa eta robotika irakasteko, Magnet-Erakarri proiektua dute, lankidetza proiektuak dituzte Arkauteko Nekazaritza Institutuarekin, eskolako baratzea, zientziaren astea, matematika manipulatiboak eta beste hainbat ekimen.
Zientzia gelako "jostailuak"
Orain aurkeztu duten zientzia gelan, HHko ikasleentzako hainbat tramankulu eta material daude, estimulazioa eta esplorazioa sustatu asmo dutenak. "Jolasteko eta esperimentatzeko aukera desberdinek erronkak modu autonomoan ebazten eta erabakiak hartzen laguntzen dute", eskolatik azaldu dutenez.
Haurren jakin-min naturala hauspotu nahi dute, eta errealitatearen gaineko "esku hartze arrazoitua" sustatzen dute. Txikitatik piztu nahi diete zientzia munduarekiko interesa eta motibazioa.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!