Kirol munduko hainbat euskal talde eta pertsonak ezezkoa eman diote Maccabiri

Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 21:02

Gasteizko Auzolana pilotalekuan elkartu dira hainbat eragile. Argazkia: Palestinarekin Elkartasuna

40 saskibaloi taldek eta 91 kirolari ezagunek sinatu dute Palestinarekin Elkartasunaren manifestua, Gasteizko 65 eragilerekin batera. Maccabi talde israeldarraren partida bertan behera uzteko eskatu dute.

Otsailaren 7an Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldea Gasteizen jokatzekoa den partidaren harira, kirol munduko hainbat izen batu dira partiduaren boikota eskatzeko, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitutako agerraldian. Gasteizko hainbat elkarte politiko eta sozialekin batera, eskatu dute Maccabi taldea ez etortzeko, rol garrantzitsua duelako Israelen genozidioa normalizatzen.

Palestinarekin Elkartasunaren hitzetan, Maccabi etorri den guztietan Gasteizko herriak “jarrera konprometitua” erakutsi du Palestinaren alde. Oraingoan hori nahikoa ez, eta Gasteiz eta Arabako erakunde publikoei eta Baskoniari exijitu diote partidua bertan behera uzteko. Otsailaren 7an bertan manifestazio nazionala deitu du plataformak, 18:30etan Iparralde gizarte etxetik abiatuta, Buesa Arenarantz.

Maccabi Tel Aviv taldeak Israelgo armadarekin lotura estua izan du hamarkadetan zehar, eta Palestinaren aurkako oldarraldi gogorrenetan agertu izan da babes publikoa adierazten. Israelek kolonizazio salaketen aurrean bere irudia garbitzeko erabiltzen duen tresna da Maccabi, Israelgo Gobernuak berak publikoki onartu izan duen bezala. Nazioarteko Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpainak “erregimen kolonialaren lehen mailako enbaxadore” gisa seinalatua du saskibaloi taldea.

Palestinarekin Elkartasuna taldetik gogorarazi dute halako ekimenek presioa eragin dezaketela “genozidioa gelditzeko”. Ildo berean, Israelekin harreman oro etetearen aldeko kanpaina abiatu zuten azaroan. Euskal Herriak sionistekin dituen lotura, edo “konplizitate”, ezberdinak plazaratu zituzten, militarrak, komertzialak, politikoak, kulturalak eta kirol arlokoak.

Gazako su-etenaz

Azken asteetan abiatzen ari den su-etenari buruzko kezka adierazi du elkartasun ekimenak, eta Israelek akordioa hausteko aukera handiak daudela ohartarazi dute. Era berean salatu dute Gazako erasoak jaitsi arren Zisjordanian gogortu egin dutela oldarraldia.

Gaitzetsi egin dute mendebaldeko hainbat agintarik su-eten akordioa erabili izana Israel “normalizatzen saiatzeko”, eta kolonizazioak bere horretan dirauela gogorarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago