Gaur itxiko ditu ateak Frankfurt tabernak

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 26a

Gaur dute azken eguna Gorbeia kaleko 19.ean. Argazkia: ALEA

Hanburgesa eta saltxitxengatik egin da ezagun, 38 urteko ibilbidean.

Dozenaka lagun gerturatu dira gaur Gasteizko Frankfurt 1 taberna ezagunari agur esatera. 38 urteko ibilbidearen ostean, pertsiana jaitsiko du Gorbeia kaleko hanburgeseria klasikoak, sare sozialetan jakinarazi dutenez, erretiroa hartuko baitute jabeek.

Eguerdian pote bat hartzera gerturatzen zirenak, arratsaldean kafea, eta Gorbeia kaleko pintxopotean beste geraleku bat ere izan da askorentzat Frankfurt 1, baina hanburgesa eta saltxitxengatik egin da ezagun batik bat taberna. Hiriburuan hanburgesak saltzen hasi zen lehenetarikoa izan zen Frankfurt 1, sandwich eta bestelako errazioekin batera. 

Gauean itxiko ditu ateak, baina, joan baino lehen, eskerrak eman nahi izan dizkiete bertatik igaro direnei. "Eskerrik asko, noski, lantaldeari, udako egunetan plantxari eutsi dioten gure langileei, barra eskaeraz beteta zegoen egunetan. Eta, batez ere, eskerrik asko gure historiaren parte izan zareten bezero guztiei".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago