Bi gizon atxilotu ditu azken orduetan Gasteizko udaltzaingoak genero indarkeria delituak egotzita. Batetik, 32 urteko gizon bat atzeman dute Alde Zaharrean, gaur goizaldean, bikotekide ohiari eta bere seme bati erasotzeagatik. Lekukoen arabera, emakumea eta bikotekide ohia eztabaidan ari ziren, eta gizonak eraso egin dio, eta lesioak eragin dizkio. Seme-alabak, beste gela batean atseden hartzen ari zirela, amari laguntzera joan dira, eta bikotekide ohiak semea kolpatu du, eta lesioak ere eragin dizkio. Hori dela eta, poliziek gizona atxilotu dute, eta, horrez gain, biktimari indarkeriaz kendutako kate bat eta eraztun batzuk berreskuratu dituzte.
Bestetik, 38 urteko beste gizon bat Pilar auzoan atxilotu dute, ostegun gauean, genero indarkeriako delitu bat egotzita. 21:30ak aldera emakume batek 092 telefonora deitu zuen, Pilar auzoko bere etxebizitzara polizia joatea eskatuz. Emakumea eta bi seme-alaba adingabeak ziren etxean, eta emakumeak adierazi zuenez, senarra mozkortuta iritsi zen etxera, oso jarrera bortitza zuen, eta beldur zen. Patruila bat berehala joan zen emakumearen etxera. Senarra ez zegoen une horretan, baina poliziak bertan zirenean etxera itzuli zen, eta bertsio guztiak entzun ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.