Arabako kirol jardueretan deitutako greba bertan behera geratu da, ELAk, CCOOk eta UGTk sektoreko patronalarekin hitzarmen berria sinatu eta gero. LAB sindikatuak, halere, akordioari buruzko zalantza ugari agertu ditu. "Zalantza handiak sortzen dizkio LABi estatutuz kanpoko akordioak izan dezakeen benetako irismena", esan dute.
Gainera, LABek azpimarratu du 2024an ez dela soldata eguneratuko, eta, ondorioz, eros ahalmena galduko dela. "Elikagaien prezioak igo egiten dira, etxebizitzaren prezioa igo egiten da eta sektoreko langileen soldata ez da igotzen, ez behintzat prezioen erritmo berean".
LABen arabera, sindikatu nagusiek sinatutako akordioa "fede onean oinarritutako elkarrekiko konpromisoetan oinarritzen da", eta nahiz eta 2027tik aurrera hainbat hobekuntza iragarri, "asmoen adierazpen hutsa besterik ez da". Hala ere, sinatu diren eduki batzuk egokiak direla aitortzen du sindikatuak, eta aipatu ditu Aldi Baterako Ezintasunen osagarriak eta lanaldi murrizketak; alta, LABek uste du grebaren bidez eduki hobeak lortu ahal zirela. "Horregatik, LABek ez du akordioa sinatuko".
ELA, pozik
Enpresa batzordean nagusi den ELA sindikatuak, ordea, pozik agertu da lortutako akordioarekin," datozen urteetan langileen lan baldintzak hobetzea bermatzen baitu". Akordioak hainbat puntu garrantzitsu jasotzen ditu, ELAren arabera: "2025 eta 2026 urteetarako KPIaren araberako soldata igoera, eta 2027an KPIaren gainekoa; 24 orduko lanaldi murrizketa ere ezartzen da zenbait taldetan; eta gainera, lanaldi irregularra %2 murriztuko da. Opor egun gehiago egongo dira eta jaiegunetako plusak hobetu egin dira, baita plus berriak sortu ere", azaldu dute.
Lan osasunari dagokionez, hobekuntza nabarmenak aurreikusten direla azpimarratu du ELAk, hala nola soldata osagarriak handitzea aldi baterako ezintasunen kasuan, eta ordaindutako eta ordaindu gabeko baimenak zabaltzea, besteak beste.