Harri egituren kontserbazioan eta lehengoratze lanetan espezializatutako Petra kooperatibak Gasteizko Batailaren monumentuaren inguruan egindako zientzia txostenak ondorioztatu du eskultura multzoak egonkortasun baldintza onak dituela, baina batez ere harrizko zatian narriadura dagoela. Narriadura horren arrazoi nagusiak denboraren igarotzea, eguraldiaren gorabeherak eta gizakiek eragindako kalteak dira. Azterketa iazko abuztuaren 19an hasi zen, eta bost egunez laginak egiten ere probak egin zituzten.
Emaitzak eskuan izanda, Sonia Diaz de Corcuera zinegotziak aurreratu du udalak kontserbazioa eta berreskuratzea ahalbidetzeko esku hartzea egingo duela: bost hilabeteko iraupena aurreikusi dute, eta 360.000 euro inguruko inbertsioa. Esku hartzeak metalezko eta harrizko zatiak hartuko ditu barne. Metalezko zatian, garbiketa, elementu dekoratiboen finkapena eta babes finala aplikatzea aurreikusten dute. Harrizko zatian, berriz, garbiketa, erretxina kentzea eta pitzadurak ixtea proposatzen da.
AFAren Zaharberritze Zerbitzuko Diana Pardo adituarekin elkarlanean Petrak egindako azterketaren emaitzei dagokienez, bi aldeak bereizi dituzte.
Metalezko zatiari dagokionez, hautsak, polenak, gorotzek edo botatako zaborrak eragindako zikinkeria orokorra nabarmendu dituzte. "Brontzean korrosioa ere ikusten da, osagai eta kutsatzaile atmosferikoekiko interakzioaren ondorioz, baita narriadura mekanikoak ere, hala nola pitzadurak, edo hautsitako edo deformatutako elementuak".
Harriaren arazo nagusia 1980ko hamarkadan aplikatzen zioten babesgarria edo graffitien aurkakoa dela ikusi dute. Diotenez, gerora egiaztatu da erabilitako erretxina ez dela egokia, "zaildu egiten baitu harriaren transpirazioa eta horrek narriadura bizkortzen baitu". Kalte antropikoak ere atzeman dituzte, pertsonak beheko eremura erraz irits daitezkeelako. "Horrek guztiak higadura, zarakar beltza, krakaz betetzea, lixibiazioa, galera bolumetrikoak, pitzadurak, alterazio kromatikoak eta kolonizazio biologikoa eragin ditu".