Euskal eskola eleaniztuna eraginkorra da euskalduntzeko

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 22a

Gasteizko bi ikastetxe publiko ikertu ditu Beñat Garaiok. Argazkia: Euskaltzaindia

Jatorri askotako ikasleak dituzten eskolak aztertuta, emaitza onak topatu ditu bertan Beñat Garaiok, bai euskararekiko jarrera aldetik, bai ahozko gaitasun aldetik ere.

Beñat Garaio soziolinguista arabarrak Gasteizko bi eskola publiko aztertu ditu azken urteotan, ikusteko nolakoa den euskararekiko jarrera eta hizkuntza gaitasuna jatorri ugaritako ikasleak dituzten zentroetan. Ondorio positiboak atera ditu oro har, eta aurreiritziak uxatzeko datuak bildu ditu.

Tesia egin du gaiari buruz, eta liburu batera ekarri du orain ikerlanaren emaitza. Euskera eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai. D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen, hala du izenburua lanak, eta Euskaltzaindiak argitaratu dio. Lan akademikoa bada ere, asko saiatu omen da irakurketa errazten. "Kapitulu bakoitzaren bukaeran azalpentxoa" ere gehitu dio horretarako.

Ikastetxe eleaniztunak dira Garaiok aztertu dituenak, hau da, ikasleen familiak jatorri anitzekoak diren zentroak. Ikasleetako asko ere eleanitzak dira, hiru eta bost hizkuntza artean ezagutzen dituztelako. Halako ikasle asko dituzten zentroek ospe txarra izan ohi dute, segregazioaren ondorio hein handi batean, eta ikuspegi horri buelta ematera etorri da Garaio.

Emaitza "harrigarria"

Hasieratik zuen diagnosi baikorra egiteko asmoa, ikusarazteko "bi eskola hauetan ere gauzak ondo egiten direla eta emaitza onak lortzen direla". Horretarako, eskola bakoitzean aztertu ditu, batetik, eleaniztasuna eta euskararen inguruko jarrerak, eta bestetik ikasleen ahozko gaitasuna.

Aztertutako aldagaietan lortutako emaitzei erreparatuta, ondorio "oso positiboak" atera ditu ikerlariak. Orokorrean, gazteen jarrerek euskararen biziberritzea sostengatzen dute, eta ikasleek badute ahozko gaitasuna eskatutako zeregin komunikatiboa betetzeko. Azaldu duenez, bereziki esanguratsua da, Gasteizko eskola hauek parez pare gelditzen direlako Euskal Herriko beste testuinguru euskaldunago eta homogeneoagoetako errealitateen aldean, "parean edo goitik ageri dira".

Garaiok kezka agertu du, ez dadila ulertu euskararen egoera orokorra ona dela esaten duenik. "Eztabaidaezina da euskara egoera zaurgarrian dagoela", ikerlariak dioenez. Hizkuntza eta hezkuntza adierazle batzuk kezkagarriak direla dio, eta "lan handia dugula egiteke". Hala ere, frogetan oinarritutako alde onak ere mahai gainean jartzeko beharra ikusi du, eta eskola hauetako indargune eta lorpenek osatu dezatela diagnosi orokorra, "baikortasuna modu xaloan hedatu gabe".

Euskararen aldeko jarrera, ñabardurekin

Euskara eta eleaniztasunaren inguruko jarrera aztertzeko, galdetegi bat betetzeko eskatu zien ikasleei, gurasoei, irakasleei eta aisialdiko hezitzaileei, eta laurek azaldu dute jarrera ona euskararekiko, eta adostasuna dute hizkuntzaren biziberritzearekiko. Hala ere, Garaiok azaldu du ñabardurak ere badaudela, galderaren eta taldearen arabera, eta gako interesgarriak atera daitezkeela hortik biziberritze prozesuaren norabidea apur bat doitzeko.

Euskara gehien sustatu nahi dutenak dira, "alde handiz", etxean euskaraz egiten duten familiak eta irakasleak. Ondoren datoz atzerritar jatorriko familiak, eta azkenik, etxean gaztelaniaz egiten duten Euskal Herriko familiak. Denak agertzen dira hizkuntzak sustatzearen alde, baina neurriak proposatzerakoan ikusten omen da aldea. Neurriak askotan "tolerantziari bideratutakoak" izan direla dio Garaiok, euskaldunok toleratzearen ingurukoak, alegia. Neurri praktikoak edo erabilera sustatzera bideratutako neurriak direnean "gehiago kostatzen da", azaldu duenez. 

Ondo komunikatzeko gai dira ikasleak

Ahozko gaitasuna neurtzeko ipuinak kontatzen jarri ditu ikasleak Garaiok "balidatutako metodologia" omen da horretarako. Ondorio gisa aipatu du ikasle guztiak izan zirela gai zeregin komunikatiboa ondo burutzeko. Adinari dagokion curriculum maila betetzen dute ikasleek, eta eskola hauen inguruko ezkortasuna dagoen, "gai dira ikasle hauek euskalduntzeko", azaldu duenez. Ikasleen baliabide aberastasunak poztu egin omen ditu, eta ikusi dute Euskal Herrian urte gutxi daramatzaten ikasleek ere "azkar eta ondo" lortu dutela oinarrizko ahozko gaitasuna.

Noski, etxean euskaraz egiten dutenek orokorrean gaitasun handiagoa erakutsi zuten ahoz egiterakoan, baina aniztasun handia egon omen da emaitzetan. "Etxean euskaraz egiten duten batzuek kontakizun bikainak egin zituzten, eta beste batzuek ia bigarren hizkuntza balitz bezala kontatzen zuten". Beste hizkuntza batzuetan aritzen diren etxeetako ikasleen artean ere antzeko aniztasuna egon omen da. "Familia guztietan ez dira ikaskuntza prozesu berdinak gertatzen", ondorioztatu du Garaiok.

Euskararen ezagutza sustatzea gako

Beste gako batzuk ere ondorioztatu ditu ikerlariak, interesgarriak izan daitezkeenak biziberritze prozesuaren bidea proposatzerako orduan, edo diskurtso bat edo beste sustatzeko. "Gure lana bideratu behar dugu ezagutza nahikoa izatera". Iñaki Iurrebaso soziolinguistak proposatutakoaren bidetik, Garaiok uste du hiztun osoak ekoizteari garrantzia eman behar zaiola, "hiztun oso eta kontzientziadunak izateak ahalbidetuko duelako erabileran pauso garrantzitsuak ematea".

Biziberritzearen helburuaz ere hausnartu du ikerlariak, eta adierazi erabilera dela azken helburua. Horretarako, beharra azaleratu du diskurtsoak praktikara, erabilerara bideratzeko, "ez bakarrik hizkuntzaren alde egotea, tolerantzia edo aldekotasunaren ikuspegitik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago