Ehun zuhaitz barietate baino gehiago banatuko ditu Euskal Herriko Hazien Sareak larunbatean Gasteizko Abetxuku auzoko Basaldea eremuan.
Erakundeak iragarri duenez, egun horretan internet bidez fruta arbolen eskaera egin duten pertsonak harago joango dira, eta "zaindari" bihurtuko dituzte. Iragarri dute larunbatean bertan zuhaitz horiek hartu ahal izango dituztela fruta arboletan interesa dutenek, aldez aurretik eskaerarik egin ez arren. "Bertan, eramango dituzun arbolak nola hazten ditugun ikusi ahal izango duzu eta hauek jaso. Gainera, musika eta jai giroa egongo dira bertan", aurreratu dute.
Modu berean, fruitu txikiak banatuko dituzte, hala nola marrubiak edo andere mahatsak. Kasu horretan, erreserba egiteko aukerarik ez dela egongo ohartarazi dute.
Erakundearen aburuz, barietate tradizionalak "tresna estrategikoak dira elikadura subiranotasuna bermatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko". Diotenez, barietate horiek duten aniztasun genetikoak "erresilientzia handiagoa" ematen die landare horiei muturreko izurrite edo baldintza klimatikoen aurrean.
Ez da egingo duten banaketa bakarra, Bizkaia aldean ere banatzeko asmoa dutelako. Hala, otsailaren 1ean, Urduñako Azoka Agroekologikoan herri horretako sagarrondoak banatuko dituzte. Otsailaren 15ean Zallan egongo dira, eta otsailaren 21ean, Karrantzan.