Hiru familia beren etxeetan erroldatzeari uko egin dio Gasteizko Udalak

Jon Hidalgo 2025ko urt. 21a, 18:02

Gasteizko Udalaren San Martingo bulegoetan egin du elkarretaratzea Auzoan Bizik. Argazkia: ALEA

Udalaren erroldarako baldintza mugatzaileak salatu dituzte, eta gogorarazi administrazioaren betebeharra dela errolda ematea. Errolda ataleko buruak esan du zinegotziak agindu diola Auzoan Bizirekin ez biltzeko.

Auzoan Bizi etxebizitza sareko kide diren hiru familia haien etxeetan erroldatzeko eskatu dute gaur Gasteizko Udalaren egoitzan. Hiru familiek hilabeteak daramatzate beren etxeetan bizitzen, eta dokumentu ugari dituzte hala dela frogatzeko. Hala ere, Gasteizko Udalak ez die erroldatzeko eskaera onartu, jabeen baimenik ez dutela argudiatuta, legez bestelako dokumentuak nahikoa badira ere.

Auzoan Biziren esanetan, udalak ere argi du etxe horietan bizi direla, nahiz errolda ukatu, izan ere, "errolda ukatzeko dokumentuak etxe horietara bidaltzen dizkiete". Udalaren politikek "ehunka pertsonen errolda oztopatzen" dutela salatu dute Auzoan Bizitik. "Errolda Samira, Mohamed eta Hamiden familientzat. Udalak eskubide gabe uzten gaitu" lelopean egin dute protesta udalaren bulegoen aurrean.

Salatu dutenez, familia hauek hilabete luzez pairatu dituzte errolda ez izatearen ondorioak. Adin txikiko seme-alabak dituzte familia hauek, eta, ohartarazi dutenez, udaletik ukatu egin diete oinarrizko eskubide eta zerbitzuetara sarbidea, eta zailtasunak izan dituzte hezkuntza eta osasun sisteman sartzeko. 

Hiru familietako kideek errolda soziala lortu zuten Auzoan Bizi sarearen presioei esker, hasieran hori ere ukatu zieten arren. Baina saretik gogorarazi dute bizi diren etxean erroldatuta egoteko eskubidea eta betebeharra dutela, "nahiz eta alokairu kontraturik ez izan, nahiz eta etxejabearen baimenik ez izan". Legeak argi dioela ohartarazi dute: "Etxebizitzaren baldintza fisiko, higieniko edota beste motakoek, hala nola jabetzarekiko eztabaida juridiko pribatuek, ez diote erroldari eragiten".

Erroldako atalburuarekin bilera

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin du Auzoan Bizik udalaren San Martineko egoitzaren kanpoaldean. Errolda ataleko kideekin bilera eskatua zuten lehenagotik, eta ezezkoa jasoa zuten. Baina gaur, kalean egindako presioari esker, lortu dute Errolda ataleko buruarekin biltzea, Edurne García de Garaiorekin. 

Eraikinaren sarreran hartu ditu Garcia de Garaiok, zutik, eta han azaldu die "bere nagusiek ezezkoa esan diotela". Auzoan Bizitik leporatu diote ardura bere gainetik kentzea. Familiak momentuan erroldatzeari uko egin dio atalburuak, baina kideen datuak jaso ostean, "baloratuko duela" esan du, Auzoan Bizik adierazi duenez. 

Auzoan Bizitik exijitu dute udalak erroldatzeko jarritako baldintzak atzera botatzea, Gasteizko herritarrek "errolda bermatua" izateko. Salatu dute udalaren politikek ehunka pertsonaren erroldatzea oztopatzen dutela, eta etxeetan erroldatzeko eskumena ematen diela "etxejabe eta errentistei".

Ardura batak besteari pasatzen

Udaleko Errolda ataleko buruak Auzoan Biziko kideei adierazi die berak ez duela erabakirik hartzen, eta "aginduak bete" besterik ez duela egiten. Etxebizitza sareko kideek azaldu dutenez, Garcia de Garaio atalburuak esan die berak hitz egingo duela zinegotziarekin. Auzoan Bizitik gogorarazi dute haiek jadanik bildu zirela zinegotziarekin, emaitzarik lortu gabe.

Garcia de Garaiok adierazi du zinegotziak esan diola ez biltzeko Auzoan Biziko kideekin, eta horregatik ez ziela bilera eman hauek eskatu bezala. Auzoan Bizitik gogorarazi dute legeak errolda ematera behartzen duela udala, eta ez egitean prebarikazio zantzuak egon zitezkeela ohartarazi dute.

Auzoan Bizikoen kontakizunaren arabera, zinegotziak esaten du ez dagoela bere esku, "kontu teknikoak" direla. Baina Errolda atalean ere ezetz esaten diete, "kontu politikoak" direla argudiatuta. Praktikan Garcia de Garaio da errolda ukoak sinatzen dituena, baina udalaren politika da erroldarako behar baino baldintza gehiago eskatzea. "Donostian edo Bilbon biziko balira, familia hauek izango lukete jadanik haien errolda", Auzoan Bizik adierazi duenez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago