Herritartasunerako Eskola Irekia (HEI) berriz ere martxan da, eta dozena bat jarduera ditu prest hurrengo hiru hilabeteetarako: hitzaldia, zineforumak, lantegiak, bisita gidatuak eta kafe baten inguruan antolatutako hitzorduak. Eskaintza doakoa da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako epea urtarrilaren 22an hasiko da eta Internet edo telefono bidez, edo aurrez aurre egin ahal izango da gizarte etxeetako bulegoetan.
Alicia Valdes giza zientzietan doktore eta politologoak irekiko du zikloa, otsailaren 4an, Europa jauregian. Bertan, Acción directa desde lo cotidiano. Construyendo alternativas al presente gaiari buruz hitz egingo du psikoanalisia, filosofia eta politika oinarri dituen eta diziplina ugari zeharkatzen dituen ikuspegiarekin. Astebete geroago, HEI Ezagutu Gasteiz atalaren barruan, Erdi Aroko Historian doktore eta arkeologo Ismael Garcia Gomezek Tejiendo comunidad. Proceso de integración de los pueblos de Vitoria en la ciudad medieval y moderna izenburua duen hitzaldia eskainiko du.
Elkarteek ere izango dute tarte espezifikoa. Alde batetik bi lantegi egingo dira: proiektu parte-hartzaileentzako diru laguntzen deialdiari buruzko bat, informazio eta adibide praktikoekin; eta SKLV boluntariotzako berrikuntza eta baterako sorkuntzako espazioari buruzko beste bat. Gainera, kolektiboek Gasteizko partaidetza modu ugariei buruzko hitzaldia jasoko dute. HEIk, gainera, zineforumeko atala ere izango du, bi proposamenekin: otsailaren 20an, Alteritats dokumentala eskainiko dute, lau belaunalditako bizipen lesbikoak biltzen dituen lana. Hilabete geroago, haurrak zirenetik beti elkarrekin egon izan diren hiru emakumezko neraberen istorioa kontatzen duen HLM Pussy lana.
Hitzaldiak euskaraz
Otsailaren 25ean, Landatxo gizarte etxean EHUko Soziologia eta Gizarte Lan Saileko irakasle Marina Sagastizabalek eskainiko duen hitzaldiak, adibidez, Hiruki gatazkatsua liburua izango du hizpide. Lan horrek enplegua, zaintzak eta parte hartze soziopolitikoa bateratzeko oztopoak eta aukerak lantzen ditu. Gaitasun sozialen eskolari dagokion atalean, aldiz, martxoaren 14 eta 15ean, emozioei buruzko lantegia antolatu dute. Hiria ezagutzea helburu duen atalean, Eusko Legebiltzarrera bisita gidatua (euskaraz edo gaztelaniaz) egiteko aukera izango da eta, gainera, hiriko zuhaitzak zaintzeko eta kudeatzeko moduari buruzko hitzaldia eskainiko du Udaleko arbolazainak, Alejandro Ruiz Rollek. Azken hitzordua martxoaren 26an egingo da, euskaraz. Bertan, gazteriarekin lotuta herritarren partaidetza jorratuko dute. Dinamizatzailea Alicia Suso gizarte hezitzailea izango da.