Maider Etxebarriaren gobernuak aurrekontu akordioa itxi du EH Bildurekin

Erredakzioa 2025ko urt. 20a, 12:51

7,7 milioi euroko zuzenketak jasotzen dituen ituna adostu dute.

Iaz egin zuten moduan, ituna itxi du PSE eta EAJren udal gobernuak EH Bildurekin. Azken egunotan izandako negoziazioari esker, 7,7 milioi euroko zuzenketak dituen aurrekontua adostu dute 2025erako. Gobernutik azaldu dutenez, "egonkortasuna" emango dio erakundeari, batik bat, gizarte, ekonomia eta ingurumen gaietan. Guztira, 475,6 milioi eurokoa izango da aurrekontua, inoizko handiena.

Maider Etxebarria alkateak agerraldia egin du Beatriz Artolazabal alkateordearekin batera itunaren balorazioa egiteko, eta "gaur Gasteizek irabazi" duela esan du: "Beste behin ere agerian geratu da Gobernu honek badakiela entzuten eta hitzartzen. Gaur elkarrizketa, akordioa eta politika erabilgarria izan dira irabazle. Izan ere, adostasunak lortzea da herritarrek eskatzen digutena eta gure hiriak merezi duena".

Adostutako zuzenketak

Rocio Vitero EH Bilduko eledunak, bere aldetik, akordioan hogei zuzenketa inguru jasotzen direla azaldu du. "Aurkeztutako neurriek aurrerabiderako politika eraldatzaileak" gauzatzea izango dute helburu, haren esanetan.

Adostutakoaren arabera, babes sozialean, 5.500.000€ izango dira legealdi osoan zehar etxebizitza komunitarioak eraikitzeko eta hornitzeko; gaur egun, aurten aurreikusitako partidan, 1.250.000€ dituzte jada etxebizitza komunitario berriak hasteko eta itxaron-zerrendan dauden 200 adineko pertsonei erantzuteko. Gainera, 755.000€ inbertituko dituzte larrialdietan zaurgarrienak diren pertsonak artatzeko baliabide berri bat martxan jartzeko, eta 160.000€ harrera jarduerak eta bizikidetzakoak sustatzeko.

Etxebizitzaren arloan, bestalde, 2024an egindako inbertsioa "nabarmen handitu" dutela azaldu du Viterok, eta guztira 1.500.000€-ra iritsi da 2025erako. "Partidaren helburua etxebizitza politika propioetan inbertitzen jarraitzea eta Alde Zaharrean dagoeneko abian den gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko planaren antzeko proiektuak abian jartzea izango da".

Jarduera ekonomikoa eta merkataritza dinamizazioari dagokienez, partida batzuk errepikatu egingo dira. Horietako bat, merkataritza negozio berriak abian jartzeko laguntza izango da, pasa den urtean hiriko erdigunean jada martxan jarri zena; aurten, xede horretarako bideratutako zenbatekoa 375.000€-ra igoko da, eta hiriko beste auzo batzuetara zabalduko da. Errepikatzen den beste partida bat enpresa hazitegietarako izango da; hasierako partida 200.000 eurokoa izango da, baina beste 800.000 euro izango ditu konpromiso kredituetan.

Aipatutakoez gain, EH Bilduk 470.000 euroko neurri batzuk ere jarriko ditu martxan lehen sektorean ekoizpena, eraldaketa, merkaturatzea eta enplegua bultzatzeko, kontsumo jasangarriaren alde egiten duen plan berri batekin. Trantsizio energetiko eta ekosozialari dagokionez, 600.000€-ko partida mantenduko dute energia komunitateen bidez eguzki-plakak martxan jartzeko. Era berean, 1.000.000 euroko laguntza lerroak irekiko dituzte deskarbonizazio planak egiten dituzten enpresentzat, taxiak eta banaketa-ibilgailuak elektrifikatzeko, sektore ekonomiko eta komertzialean hondakinak murrizteko neurriak eta proiektuak bultzatzeko, eta udal aholkularitza energetikoko lanak hobetzeko eta indartzeko.

Azkenik, 440.000€ bideratuko ditu haurrentzako jolasetan eta espazio publikoan estalki berriak jartzera, 300.000€ baratze komunitario berri bat martxan jartzeko eta 125.000€ Zabalgana auzoko kirol ekipamenduen diseinua modu partaidetuan definitzeko.

Halaber, 75.000€ inbertituko dira Gasteiz Euskararen Hiria jaieguna errepikatzeko; beste 75.000€ 2026an egingo den Martxoaren 3ko 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak programatzeko eta, azkenik, Otazuko aterpearen erabilera posibleak zehaztuko dituen azterketa planteatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago