Gaztetxoentzako aisialdi gune berria zabalduko dute San Martin auzoan

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 17a

Gasteiz Hobetuz Gazte programaren baitan garatu dute proposamena. Argazkia: Gasteizko Udala

Ostiral, larunbat eta igande arratsaldetan zabalduko dute, 12 eta 18 urte arteko gaztetxoentzat. Bihar inauguratuko dute, larunbatean, 17:30ean.

San Martin auzoan aisialdirako gune berria izango dute Gasteizko gazteek. Bihar bertan inauguratuko dute, 17:30ean hasiko den irekiera ekitaldian, eta bertaratzen direnek aukera izango dute askaria jateko, pintxo tailerrean parte hartu, mahai-joko ginkana, zumba, goalball, Mario Kart txapelketa eta gauza gehiago. Ofizialki datorren asteburuan zabalduko da, urtarrilaren 24an.

Aisialdirako gune berri hau doakoa izango da, eta 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua dago. Guneak ez du izenik oraindik, gaztetxoak berak izango direlako izena jarriko diotenak. Bi hezitzaile izango dira bertan, eta gune ezberdinak izango ditu, jolaserako espazioa, erlaxatzekoa, gorputz adierazpena eta dantza egitekoa, eta bideojokoetan aritzekoa, besteak beste.

Sarrera librea izango du guneak, baina lehen aldiz bertaratzen diren gazteek guraso edo tutoreen baimena eraman beharko dute. Asteburuetan zabalduko da gunea, arratsaldez. Ostiraletan 18:00etatik 21:00etara, larunbatetan 18:00etatik 22:00etara, eta igandetan 17:00etatik 20:00etara. Igandeetan, 18:30etik aurrera 16 eta 18 urte artekoentzako erreserbatua egongo da.

Proiektu parte hartzailea

Gazteak gunearen protagonista bilakatu nahi dituzte. Horretarako, gune berriaren izena eta irudia erabakitzeaz gain, programazioaren %40 erabakitzea ere haien esku egongo da. Jesus Apellaniz margolariaren kaleko 2. zenbakian dago lokala, eta lehiaketa bidez aukeratuko dira izena eta irudia. Irabazleek 75 eta 225 euroko sariak jasoko dituzte.

Ana Lopez de Uralde Gazteria zinegotziak nabarmendu du gaztetxoen autonomia sustatu nahi dutela, haien harreman pertsonalak handitzeko aukera emateaz gain. Horretarako "aisialdi aktiboaz, parte-hartzaileaz, sortzaileaz eta osasungarriaz gozatzeko aukera" emango diete gune honen bitartez. Gobernu Irekiaren zinegotziak, Miren Fernandez de Landak, garrantzia eman dio proiektua herritarren parte hartzearen ondorioz garatu izana. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago