Zabalik dago Kantari ikuskizunean izena emateko epea

Kantari 2025eko urtarrilaren 21a

Kantari ikuskizunaren aurreko edizio bat. Argazkia: ALEA

Aurtengo Kantari ikuskizuna apirilaren 5ean eta 6an ospatuko da. Otsailaren 17an bukatuko da izena emateko epea.

Badator Kantari 2025! Apirilean ospatuko den umeentzako musika ikuskizunak hasi ditu prestaketa lanak, eta abiatzeko parte-hartzaileen izen-emate epea zabalik dago dagoeneko.

Ohi bezala, Gasteizko 6 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek dute Kantarin parte hartzeko aukera, eta horretarako, gelakideekin batera, lau eta bost lagun bitarteko taldeak osatu beharko dituzte. Izen-ematea online egin beharko da galdetegi honen bitartez.

Azken urteetan gertatu bezala, parte-hartzaileen kopurua mugatuta egongo da, grabatu daitezkeen ikuskizun kopuruak baldintzatuta. Arrazoi horregatik parte-hartzeko gogoa adierazten duten partaide guztien artean zozketa burutu beharko da, behin betiko zerrenda erabakitzeko. Zozketa horretan ikastetxe ezberdinetako ordezkaritza bilatuko da, adin-tarte ezberdinetako partaideak aukeratuko dira eta bakoitzari esleitutako abestiak ere aukeraketa irizpide zorrotzak jarraituz burutuko da. Gainera, gogorarazi nahi dugu Kantarik ez duela inolako lehiaketa kutsurik; eta ez da irabazlerik izango, ezta galtzailerik ere. Parte hartzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena. 

Noiz ospatuko da?

Aurtengo edizioa, Salburua auzoko gizarte etxeko antzokian ospatuko dugu. Baina parte hartu nahi izatekotan, beharrezkoa da izena aldez aurretik ematea. Beharrezkoa bada, eta izen-emate kopuruaren arabera, zozketa egingo da, otsaila bukaeran, izena ematen duten guztien artean. Zozketa egin ostean, parte-hartzaileen behin betiko zerrenda ezagutaraziko da, otsaileko azken astean zehar.

Zozketa horretan bertan egingo da talde bakoitzari egokituta abestien aukeraketa ere, eta, ordutik aurrera, parte-hartzaileek martxoa osoa izango dute abestiak ikasi, koreografia prestatu eta nahi adina entseatzeko.

Azken ikuskizuna, eta grabazio saioak, apirilaren 5 eta 6an izango dira, eta aldez aurretik, martxoaren 29 eta 30ean entsegu orokorra egingo dugu Salburuko gizarte etxean bertan. Parte-hartzaile bakoitzari aldez aurretik jakinaraziko zaio dagokion eguna eta ordu zehatza.

Parte hartu

Izena emateko epea zabalik dago, eta otsailaren 17an amaituko da. Parte hartu nahi baduzu, zure lagunekin batera taldea osatu eta honako galdetegia betetzea besterik ez duzu:

Gogoratu Kantari Gasteiz ikuskizunean parte hartzeko taldekide guztien izen-emate fitxa ezinbestekoa dela, eta taldeko partaide bakoitzak bere fitxa osatu beharko duela. Adibidez, lau laguneko talde batean, ume bakoitzaren familiak dagokion seme-alabaren fitxa bete beharko du.

Zalantzak argitu edota informazio osagarria eskuratzeko, gurekin harremanetan jar zaitezke honako kanalen bidez:

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago