Otsailaren 11n egingo den Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Egunarekin batera Hego Euskal Herrian egiten den Emakumeak Zientzian ekimenean egingo diren 60 jardueretatik baino gehiagotik hiru Araban izango dira, hirurak ala hirurak Gasteizen.
Ekimenak 35 euskal erakunde biltzen ditu, zientzian emakumeen papera nabarmentzeko eta neska gazteen artean bokazio zientifikoa sustatzeko. Aurtengo edizioaren leloa Hazia erein da, eta, antolatzaileen arabera, ekintza txikiek berdintasunerako bidean duten garrantzia azpimarratzen du. Jardueren artean, ikertzaileek eskoletara egindako bisitak, tailerrak eta mahai inguruak daude, eta emakume zientzialarien testigantzak jasotzen dituzten bideoak ere aurkeztuko dituzte.
Araban egingo diren jarduerei dagokienez, otsailaren 11n bertan Europa Jauregian egingo duten "Emakume Zientzialariak atzo eta gaur" hitzaldia izango da lehena. Bertan honako hizlariek parte hartuko dute: Maica Morant —ikertzaile seniorra CIC Energigunen—, Marion Donovan omenduz; POLYMATen TheraTools Programako doktoregai Jackeline Soto, Carolyn Ruth Bertozzi omenduz; EHUko Fisiologiako irakasle Beatriz Apellaniz, Margarita Salas omenduz. Azkenik, Deustuko Unibertsitateko irakasle Maria Jesus Elejabarrietak Sophie Germain omenduko du. Antolatzaileek ez dute zehaztu hitzaldiaren hizkuntza.
Otsailaren 13anm, berriz, DIPCk, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Zinema eta Zientzia Zikloaren zortzigarren edizioaren barruan, BCAMeko doktoradutza ikasle Ainhize Barrainkuak Artium Museoan Le théorème de Marguerite pelikula aurkeztuko du. Filma frantsezez emango dute, gaztelerazko azpidatziekin. Aurkezpena gazteleraza izango da.
Azkenik, otsailak 14 dituenean, Salburuko Gizarte Etxean, CIC Energigunek azoka zientifikoa prestatu du. Bertan gailaren bueltako hainbat tailer egingo dituzte: proiektu zientifikoak, antzerkiak edota ikus-entzunezkoak. Zientzian, teknologian, ingeniaritzan edota matematikan interesatzen duten 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago.