'Miñan', Idoia Asurmendi eta '1936', neguko proposamenen artean

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 16a

Blanca Portillo, '1936' obran. Argazkia: CDN

Sarreren salmenta urtarrilaren 28an hasiko da, 10:30ean, Plaza Berriko turismo bulegoko leihatilan.

Neguko denboraldia 36 ikuskizunekin ospatuko dute Gasteizko udal antzoki sareko agertokiek, otsailaren 1etik apirilaren 13ra bitartean. Idoia Asurmendi, Ander Lipus, Blanca Portillo, Pepe Viyuela, Miren Gaztañaga eta Carlos Hipolito igaroko dira hiriko agertoki desberdinetatik antzerki, musika eta dantza proposamenekin.

Ikuskizun horietako gehienak Felix Petite antzokian eskainiko dituzte: 21 guztira. Besteak beste, Hoy tengo algo que hacer, Teatro del Barrioren ekoizpena, 2024an Espainiako Antzerki Sari Nazionala eskuratu zuena, Luis Bermejo protagonistarekin; Casa de muñecas, Ibsenen antzerki-lan ospetsua, Maria Leon protagonista duena; Guitón Onofre, Almagroko Jaialdian estreinatu zen eta XVII. mendeko testua du, Pepe Viyuela protagonista; edo Música para Hitler, Pau Casals musikariaren istorioa kontatzen duena, Carlos Hipolito eta Kity Manverrekin. Felix Petite antzokian ikusi ahal izango den azken lana 1936 izango da. Memoria historikoa lantzen du, Espainiako Gerra Zibilean barneratuta, eta antzezle talde ospetsua igoko da oholtzara. 

Dantzari dagokionez, Felix Petitek estilo ezberdinetako hiru proposamen izango ditu, ballet neoklasikotik hasi eta garaikideraino, Dantzaz Konpainia, LaMov, eta Vanesa Aibar eta Enric Monforten eskutik.

Musikak, berriz, Idoia Asurmendik otsailaren 7an eskainiko duen kontzertuan izango du bere tokia antzoki honetan. Bertan, bere bigarren albuma aurkeztuko du: De amar y desandar.

Azkenik, familientzat antzerkia, zirkua, dantza eta musika biltzen dituzten zazpi ikuskizun programatu dira, horietako sei Ibaiondoko antzokian eta zazpigarrena Federico Garcia Lorcan. 

Euskaraz sei lan

Jesus Ibañez de Matauco antzokiak hamahiru ikuskizun jasoko ditu aurten. Haietako sei euskaraz dira: Miñan, Adiorik Ez (gaztelaniaz ere antzeztuko dute), Zorretan, Masustondoen patioa, Heisenberg, eta Voyage Voyage eskainiko du. 

Gune horretan, gainera, horren ohikoak ez diren beste bi proposamen ere ikusi ahal izango dira. Lehenengoa Pikor teatro taldearen RedNUDES azken lanaren estreinaldia izango da. Lan hori ere Udal Antzoki Sarearekin batera ekoitzi dute. Bigarrena Ni flores ni funeral ni ceniza ni tantán da,  Adiorik ez antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa.

Horrez gain, JIMen egingo dute aurretik aurkeztu zuten XXI. mendeko flamenkoa zikloa, eta flamenkoaren munduko izen handiko artistak bilduko ditu: Mayte Martin eta Pedro el Granaino, besteak beste.

Beñat Etxepare antzokiari dagokionez, Iara Solano artista gasteiztarrak Sleepwalk Collectiverekin sortutako esperientzia eszenikoa iritsiko da berriro: Bautismo. Jacuzzi baten barruan gertatzen den lan hori 2023ko abenduan ere ikusgai egon zen hirian.

Neguko denboraldiko ikuskizunetarako sarreren salmenta urtarrilaren 28an hasiko da, 10:30ean, Plaza Berriko turismo bulegoko leihatilan, 945-16 10 45 telefonora deituta, edo online, Gasteizko Udal Antzoki Sarearen webgune ofizialaren bidez. Gainera, ikuskizuna baino ordubete lehenagotik ere erosi ahal izango.

Eskaintza osoa eta zehatza udal sareko Neguko Programazioko aldizkarian dago dagoeneko eskuragarri.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago