Ikastolako kideen esperientziak ezagututa, Armentia ikastolaren bost ezaugarri nagusietan sakontzeko aukera izango dugu: Gu ikastola, euskalduna, guztiona, kooperatiboa eta eraldatzailea.
Gu Ikastola
Iratxe Lomas Hermosillak semea eta alaba ditu ikastolan, LHn eta DBHn, hurrenez hurren. Berak ere ikastolan ikasi zuen, eta ez zuten zalantzarik izan seme-alaben hezkuntza prozesua non izango zen erabakitzeko unean: "Nik neuk ikastola zer den bizi izan dut, eta seme-alabek hori bizitzea nahi nuen, euskara bizitzea eta euskaraz bizitzea, euskal kultura, euskal curriculuma, ikastolen mugimenduen baloreak… Hori guztia seme-alabek jaso behar zutela uste genuen, eta hori Armentia ikastolak besterik ez du eskaintzen".
Euskalduna
Nerea Barroso Berenguerrek semea eta alaba ditu Armentia ikastolan. Euskalduna ez izan arren, Nereak oso argi zuen seme-alabak euskaldunak izango zirela, berak jaso ez zuen hura bere ondorengoek izatea nahi baitzuen. "Izugarria da ikastolara sartzean dagoen aldaketa. Euskara ikastolako txoko guztietan dago, euskara arnasten da ikastolan. Eta bada harritu eta poztu nauen gauza bat; lortu dut seme-alabekin euskaraz konektatzea, nahiz eta nik euskara jakin ez".
Kooperatiboa
Eider Olabe Lasernak hiru seme ditu ikastolan, bat LHn eta gainerakoak DBHn. Gainera, ikastolako ama ez ezik, egun, Armentia Ikastola kooperatibako lehendakaria ere bada. "Handia da seme-alaben hezkuntza prozesuari lotutako erabakietan parte hartu ahal izatea. Are gehiago, Kontseilu Errektorean langileak eta familiak elkarrekin gaude ikastolaren inguruan erabakitzen. Proiektu honetako parte izateko modurik eraginkorrena da. Hori ere izan da Armentia ikastola aukeratzeko arrazoi garrantzitsua".
Guztiona
Fatima Bougdali lau seme-alaba ditu ikastolan HHn, LHn eta DBHn. "Armentiara etorri behar nuela esan zidatenean, elurretan zegoen argazki bat ikusi nuen eta beldurtu ginen. Orain, ez nuke inondik inora ere aldatuko; Gasteizera etorri ginenetik gertatu zaigun gauza handiena izan da. Hasieratik komunitateko, ikastolaren familiako, kide sentiarazi gaituzte. Emozio asko sorrarazten dizkit ikastolak. Gehien estimatu izan duguna hurbiltasuna da, baita ikastolak transmititzen digun lasaitasuna ere".
Eraldatzailea
Adur Larrea Bravo ikastolako irakaslea da, bai eta langile-kooperatibista ere. Izan ere, Armentia Ikastola kooperatiba integrala da, eta beraz, familiak zein langileak dira bazkide. Horrek, nola ez, bertako guztien atxikimendu handiagoa dakar proiektuarekiko. Adurren arabera Armentia eraldatzailea da alde pedagogikoari dagokionez. "Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino, ikuspegi berritzailea txertatzen du ikasleen ikaskuntza prozesu osoan: zirkulazio autonomoa, emozioen kudeaketa, konpetentzia bidezko irakaskuntza… eta une oro ikasleen irteera-profilean ardaztutako hezkuntza-prozesua. Belaunaldi berriak euskaldun aktiboak, eleanitzak, sortzaileak, autonomoak, komunikatzaileak, kritikoak, konprometituak, prestatuak, pertsona onak eta zoriontsuak izan daitezen".
Bost pertsona, bost bizipen, bost ezaugarri. Informazio gehiago nahi izatera, hilaren 18an ate irekiak izango dira ikastolan bertan, eta aukera dago bisita pertsonalizatuak egiteko. Horretarako, armentia@ikastola.eus bidez edota 945-14 54 45 telefonora deitzea besterik ez dago.