Javier Perez artistaren Un pedazo de cielo cristalizado artelanaren zaharberritze prozesua bukatu du Artium museoak. Artelan handia museoko sarrera nagusian dago ikusgai. Tamaina askotako beira puztuzko 12.000 pieza baino gehiago ditu obrak, malko formakoak, eta hamar metroko zabalera eta lau metroko altuera duen egitura esferaerdi batean eskegita daude. Perezek 2001eko Veneziako Biurtekorako sortu zuen obra hau, Espainiako Pabilioirako.
Zaharberritze prozesua "oso konplexua" izan dela azaldu dute, eta Iberdrola España Fundazioaren babesarekin gauzatu dute, erakunde horrek Arabako Artium Fundazioarekin hitzartuta duen lankidetza hitzarmenaren bidez. Fundazioak emandako 30.000 euroei esker zaharberritu dute, hain zuzen.
Berritutako obra aurkeztu dute gaur goizean, Iberdrola España Fundazioko presidente Jaime Alfonsin Alfonso eta Artycor enpresako arduradun Azucena Prior bertan zirela. Bestetik, museoak artelanean egindako esku hartzea dokumentatzen duten bi ikus-entzunezko aurkeztu ditu: garbiketa prozesu osoa erakusten duen time-lapse bideo bat, eta Javier Perezi egindako elkarrizketa bat. Azken honetan, artistak obra sortu zuen garaiko testuingurua eta zaharberritzeari buruz dituen iritziak azaltzen ditu. Dokumentu hauek museoaren webgunean ikus daitezke.