Adineko gizon bati lau urteko espetxe zigorra ezarri dio Gasteizko Probintzia Auzitegiak, adin txikiko neska bati sexu erasoak egiteagatik. Akusazioa eta defentsa akordio batera heltzean ezarri da epaia, berez hamabi urte eta erdiko zigorra eskatzen baitzuten gizonarentzat. Gizonak sexu askatasunaren aurkako delitua onartu du, eta lau urteko zigorra bete beharko du, zalantzan badago ere kartzelara sartu beharko duen.
Gizonaren etxean lanean zebilen emakumearen alaba da erasotua, eta adimen desgaitasuna du. Emakumea eta bere bi seme-alabak gizonaren etxean bizi ziren, etxe barruko langile gisa aritzen baitzen emakumea. 2022ko martxoan gertatu zen erasoa. Orduko hartan, erasotuaren amak, etxera uste baino lehenago itzuli, eta logelan harrapatu zuen gizona bere alabarekin.
Lau urteko espetxe zigorraz gain, 20.000 euro ordaindu beharko dizkio biktimaren familiari, eta hamalau urtez izango du biktimarekiko urruntze agindua eta komunikatzeko debekua. Biktimak bere testigantza emateko dituen zailtasunek ere eragin omen dute zigor eskaera jaitsi izateko. Epaia irmoa da, eta ez da helegiterik jartzeko aukerarik.
70 urtetik gora ditu gizonak, eta mugitzeko eta hitz egiteko zailtasunak ditu. Bere egoera kontuan hartuta, zenbait iturrik aurreikusi dute ez duela kartzelara sartu beharko, zigorra betearazteko momentuan espero daitekeelako espetxeari iskin egin ahal izatea, medikuen txostenak baliatuta.