Irudiak: PHOT.OK
Herrialdean zaintza sistema zein egoeratan dagoen jakiteko, zein hutsune eta behar dauden identifikatzeko, eta irtenbidea jartzen saiatzeko hainbat gizarte mugimenduk eta sindikatuk bat egin dute, eta Arabako Zaintzen Mahaia osatu dute. Lehen urratsa zaintzen argazkia "ahalik eta errealena" egitea izango da. Horren berri eman dute asteartean bertan agerraldi batean.
Zehazki Arabako Mugimendu Feminista, pentsionistak, Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea AEZLE, Enarak kooperatiba, Ernai, ESK, LAB eta Steilasen artean sortu dute mahaia, prozesua bideratzeko. Aste honetan bertan, aldundiaren aurrean egindako agerraldian azaldu dutenez, 2023ko azaroaren 30ean euskal zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko greba feministatik abiatu da ekimena. "Hamahiru hilabete hauetan Araban lanean jarraitu dugu. Zaintzen duen Araba bat nahi dugulako, zaintzaileak zainduko dituen Araba bat nahi dugulako, eta Araba bizigarri batean sinesten dugulako".
"Mapeo hau aurrera ateratzeko ahalik eta herri eta auzo gehienetan asanblada irekiak egingo ditugu"
Araba mailako zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko herri akordio bat egiteko lanean ari da une honetan sindikatuen eta gizarte mugimenduen mahaia: Arabako errealitatearen araberako zaintzen inguruko aldarrikapen taula bat adostu nahi dute ahalik eta eragile sozial eta sindikal gehienen artean. "Herri akordio horren helburua zaintza sistema aldatzeko norabide bat markatzea da, baita instituzioak interpelatu eta aldarrikapen horiek bete ditzaten exijitzeko tresna bat izatea ere".
Lehen urratsa, agerraldian azaldu dutenez, Arabako "argazki erreal bat" egitea izango da, tokiko zaintza zerbitzuen eta zaintzaileen egoeraren argazkia denon artean landuz. "Mapeo hau aurrera ateratzeko ahalik eta herri eta auzo gehienetan asanblada irekiak egingo ditugu. Horretaz gain, mapeoak zaintzen gaia sozializatzeko balioko digu ere. Aldi berean, gure artean harremanak egiteko eta elkarrekin antolatzeko balioko digu", azpimarratu dute. Asanbladez gainera, elkarrizketa indibidualak ere eginen dituzte, zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten eta hein handi batean zaintza zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonek asanbladetara joateko zailtasunak izan ohi dituztelako.
"Herri akordio horren helburua zaintza sistema aldatzeko norabide bat markatzea da"
Arabako Zaintzen Mahaia sortu duten eragileek uste dute funtsezkoa dela ariketak eskualde ezberdinetako auzo eta herrietan egitea, Arabako errealitate anitza islatuta geratzeko. Horrekin lotuta, aipatu dute Trebiñuko kide feministak egiten ari diren lanaren garrantzia, kontuan izanik eskualdearen egoera administratiboak zaintza sisteman eragiten dituen trabak. "Muga administratiboak oztopo baino ez dira Trebiñuko auzokideak kalitatezko zaintzak jasotzeko eta bertan lan egiten duten langileen lan baldintzak duinak izateko", azaldu dute.
Pertsonak, erdigunean
Zaintza zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen ahotsa erdigunean jarri nahi duela nabarmendu Arabako Zaintzaren Mahaiak. "Arrazoi bat edo bestea dela medio zaintza zerbitzuak jasotzen ari diren eta menpekotasun egoeran dauden pertsonek esateko dutena jakin nahi dugu". Hartara, gaur egun arabarrek eskualde desberdinetan eta hiriburuan jasotzen dituzten zerbitzuak egokiak diren eta beraiek nola zainduak izan nahiko luketen jakitea izango da mapeoaren ardatz nagusia.
Behin herrialdeko zaintzen egoeraren argazki hori osatzen dutenean, aldarrikapen taula bat osatuko dute denen artean. Horretarako, asanblada ireki misto bat deitu dute, apirileko lehen asteburuan egingo dutena. "Asanblada horretara ahalik eta eragile sozial eta sindikal eta norbanako gehien gerturatzea da gure asmoa, aldarrikapenak ahalik eta babes handiena izateko eta ikuspuntu zabal batetik eraikitzeko".
Agerraldian adierazi dutenez, aldarrikapen taula hori tresna bat izango da, alde batetik herrialdeko instituzioak zaintzen inguruan dituzten erantzukizunen inguruan interpelatzeko, eta baita Arabako herri mugimenduak eta jendarteak eskuragarri izateko ere. "Kalitatezko zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatu eta eraikitzeko prozesu hau elkarrekin egin behar dugu. Zaintza eskubide unibertsala bermatuko duen Araba bat posible da eta egingo dugu".