Auto lasterketak ekiditeko kamerak jarriko ditu udalak Jundizen

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 13a

Jundizko industrialdearen sarbide nagusietan jarriko dituzte kamerak.

Jundizko industrialdean bideozaintzarako eta matrikulak irakurtzeko 32 kamera jarriko dituela iragarri du Gasteizko Udalak, legez kanpoko auto lasterketei aurre egiteko. 

2024ko urtarrilaren 13an Jundizko industrialdean jazotako istripu hilgarriaren ondoren iragarri zuen Gasteizko Udalak neurriak hartuko zituela legez kanpoko auto lasterketak ekiditeko. Bada, lehen neurria iragarri du gaur Beatriz Artolazabal alkateordeak. Bideozaintzarako eta matrikulak irakurtzeko 32 kamera jarriko ditu udalak industrialdeko sarbide nagusietan: A-1etik Zurrupitieta kaleko sarreran; Gasteiztik Mercedes-Benzen fabrikaren parean sartzeko Lermandabidea kalean; eta N-120 errepidetik hegoaldeko sarbidean, Mendigorritxu kalean.

Artolazabalek azpimarratu duenez, kamera horiek funtzio bikoitza beteko dute: "legez kanpoko jarduerak egin nahi dituztenak konbentzitzea eta kontrol, prebentzio eta zigor tresna gisa jardutea, erantzuleak identifikatzea ahalbidetzen dutelako". Horrez gain, esan du kamerak industrialdeko mugikortasunari buruzko informazio baliotsua emango dutela, eta horrek "funtsezko eremu horretako trafikoaren plangintza eta kudeaketa hobetzen" lagunduko duela.

Bestalde, Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotziak azaldu du etengabeko zaintza ahalbidetuko dutela kamerek, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, "industrialdean begi iraunkor gisa jokatuz eta legez kanpoko jardueretarako erabiltzeko asmoa izan dezaketenak uxatuz". Horren arabera, sistemak irudiak erregistratzeaz gain, poliziaren datu baseetara ere bidaliko du informazioa, eta, hala, datuak trukatu ahal izango dira legez kanpoko jarduerei lotutako ibilgailuen eta pertsonen "zerrenda beltzekin". Herritarrei erantzukizunez jokatzeko deia egin die zinegotziak, legez kanpoko topaketetan parte hartzea saihesteko; eta gogorarazi du jarduera horiek arrisku larria direla bide segurtasunerako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago