Larunbatean, hilaren 18an, abiatuko da familientzako Amarauna ekimenaren aurtengo programazioa, Babes ikuskizunarekin, Oreka TX taldearen eskutik. Heldu batek lagundurik doazen 4 urtetik gorako haurrentzat pentsatua da honako egitasmoa.
Musika eta ahotsa elkartzen dituen ikuskizun eszeniko hau iaz estreinatu zuen Oreka TX taldeak, eta, ohi bezala, txalaparta ardatz, beste diziplina artistiko batzuekin esperimentatzen dute. Oraingo honetan, Babesen, eremu berri batean sartu dira, haurtzaroari bereziki zuzendutako proposamen eszeniko batekin, ikuskizun intimo eta erakargarri bati bizia emanez.
"Haurrek xehetasun, keinu, soinu eta mugimendu bakoitza xurgatzeko duten gaitasuna kontuan harturik, Oreka TX taldeak fintasun eta sentsibilitate handiko atmosfera bat sortu du Babesen, soinu, material eta proposamenak biltzen dituena, irudimenerako estimulu eta ikusle txikienentzako jolas-iradokizun izango direnak", azaldu dute antolatzaileek.
Oreka TX taldearen emanaldiaz gain, familientzako Amarauna programan beste lau emanaldi aurreikusten dira otsailerako, martxorako eta maiatzerako. Horietan dantza, musika eta hitza izango dira protagonista. Amarauna programako jarduera guztiak doakoak dira eta komenigarria da aldez aurretik izena ematea 945-20 90 20 telefonoan.