Sute bat piztu da larunbatean, 20:00ak aldera, Errementari kaleko 37. atariko azken solairuan, Otxandako dorretik gertu. Antza, hirugarren solairuko erradiadore bateko zirkuitu labur baten ondorioz piztu da sutea. Suhiltzaileek egurrezko egitura duen eraikina hustu dute, eta berehala lortu dute sua kontrolatzea.
Hala ere, zazpi lagun artatu behar izan dituzte, eta horietako lau Txagorritxuko erietxera eraman, kea arnasteagatik. Denak onik daude, suhiltzaileek eta udaleko iturriek azaldu dutenez. Hasiera batean, eraikina zigilatuta geratu zen, eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren bitartez, hirugarren eta laugarren solairuko familiak hotel batean ostatu hartu zuten.
Igandean, berriz, azterketa sakonago bat egin zen, eta ez da egitura kalterik antzeman eraikinean. Hartara, igandean bertan, laugarren solairuko bizilagunak etxera itzuli ahal izan ziren, baina ez hirugarrenekoak, sutearen kalteen ondorioz garbitu eta saneatu beharko baita etxea.