Gasteizko Principal Antzokiaren birgaitze lanen egoeraren berri eman dute gaur instituzioek, Imanol Pradales lehendakariak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak gaur goizean obretara egindako bisitaldi baten harira.
Aurreratu dutenez, lanak egin ahal izateko elementu guztiak kenduta daude dagoeneko, eta horrek bidea emango die martxoan hasiko diren indusketa eta eraispen faseei. Kendutakoen artean, 1992ko azken moldaketan jarri ziren aulkiak daude, baina beste hainbat elementu ere kendu dituzte.
Orotara, lanek 30 hilabeteko iraupena izango dute, eta 2027. urtean antzokia berriz ere martxan egongo dela espero dute. Udalaren arabera, lanek antzokiaren erosotasuna eta irisgarritasuna hobetuko ditu. Besteak beste, sarrera aretoa berrituko dute, eta aulkien arteko tartea handituko dute —horrek hainbat eserlekuren galera ekarriko du bueltan, 972 izatetik 842 izatera—. Horrez gain, agertokia zein musikarientzako pezoia handituko dute, eta aireztapen sistemak berrituko dituzte ere. Bestetik, erabilera anitzeko areto berria izango du, orain arte bulegoak zeuden tokian kokatuta. Izan ere, bulegoak alboko eraikin batera eramango dituzte.
Hainbat instituzio elkartzen direnean ohiko den bezala, Pradalesek "erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia" azpimarratu du, eta kultura "funtsezkotzat" jo du "balio indibidual eta kolektiboen" garapenerako. Etxebarriak, berriz, esan du "ekipamendu moderno, irisgarri, eroso, seguru eta energetikoki eraginkorra" bihurtuko dela. Gonzalezek, berriz, "gasteiztarren eta arabarren belaunaldiek alboan izan duten kultura sinboloa" dela azpimarratu du, eta berrikuntzari esker, "erreferente izaten jarraituko" duela.