Tradizio bilakatzen ari da euskal preso politikoen aldeko freestyle txapelketa, All in da house. IX. edizioaren finala urtarrilaren 25ean ospatuko da Gasteizko Gaztetxean, Euskal Herrian zehar egindako kanporaketetan finalistak sailkatu ostean. Ekaitz Samaniego presoaren askatasuna eskatzeko sortu zen Ekaitz in da house ekimenak hazten jarraitu du, antzaldatu egin da, eta geroz eta inprobisatzaile gehiago batzen ditu urterik urte.
Hasieran Gasteizen soilik ospatzen zen jaialdiak hirugarren urtea du aurten Euskal Herri osora zabalduta, "jende gehiagok parte hartu eta aldarrikapenak txoko gehiagotara eramateko", antolatzaileen esanetan. Lehiarik gabeko txapelketa da, elkartasuna duena oinarri, eta gogorarazi dute "oraindik 130 lagun inguru ditugula preso arrazoi politikoengatik". Babesa adierazten jarraitzeko asmoa erakutsi dute, "halako jaialdiak egiteko beharra desagertu arte".
Euskaraz rapean inprobisatzeko estilo ezberdinak ikus ahal izan dira txapelketaren hiru kanporaketetan. Azaroan zehar egin ziren hirurak, Gernikako Astra espazioan, Oñatiko Antixena gaztetxean eta Hendaiako Enbata gaztetxean, eta horietatik atera dira urtarrilaren 25ean Gasteizen arituko diren sei freestylerrak.
Gernikan aritu ziren oholtza gainean, Sosi, Raperu, Jaio, Inurri Gorria, Ramses eta Gezu. Oñatin, berriz, Yoller, Papaya, Kortxelo, Paula, Muxker eta Gatom ibili ziren kantuan, eta azkenik, Hendaian, Viñaspre, Luma, Natxo, Odei, Kazz eta Ekaitz.
Rapeatzen aritutako hemezortzietatik finalerako sailkatu dira Paula, Yoller, Jaio, Gezu, Kazz eta Sosi. Urtarrilaren 25eko jaialdian, 18:30etik aurrera, Elur Malota & Rizzo arituko dira aurkezle lanetan, eta Dj Kanakyk jarriko die kanturako musika.
Baina ez da freestyla bakarrik egongo Gasteizko Gaztetxean, Showcase Arabarra deitu duten kontzertua ere izango baita, eta bertan arabako rapero gazteak arituko dira, hainbat taldetako kideak, beren euskarazko abestiak kantatzen.