Gotzone Sagardui sektore pribatura pasa da, Vithas klinikaren zuzendari gisa

Erredakzioa 2025ko urt. 9a, 17:25

Vithas San Jose klinikako mediku zuzendaria izango da Sagardui aurrerantzean. Argazkia: EITB

Joan den ekainean utzi zuen Osasun sailburu postua, Pradalesen gobernua sartzearekin batera. Jaurlaritzak baimen berezia eman dio bi urteko itxaronaldi epea apurtzeko. EH Bilduk etika falta egotzi dio.

Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohia Gasteizko Vithas klinika pribatuan hasiko da lanean, mediku zuzendari gisa. Ia lau urtez izan zen Osasun sailburu, 2020ko irailetik iazko ekainera, eta Imanol Pradales lehendakariaren Jaurlaritza berria aurkeztearekin batera utzi zuen kargua. EHUren Bizkaiko campuseko bere lanpostura itzuli zen orduan, Vithas klinikan kontratatu duten arte, San Jose klinika zenean.

Legeak ezartzen duenez, administrazioko goi kargudunek bi urtez itxaron behar dute sektore pribatuan lanean hasteko, enpresa edo erakunde horiekin harremanak izan badituzte karguan zeuden bitartean. Ate birakariak eta interes jokoak saihesteko hartutako neurri honek eragina izan zezakeen Sagarduiren kasuan, osasun sektoreko enpresa batean lanean hasi delako, baina ez da hala izan.

Eusko Jaurlaritzaren bateraezintasun batzordeak ebatzi du Sagarduiri baimena ematea lanpostu berri honetan hasteko, argudiatuta Vithas San Jose zentroak ez duela Osakidetzarekin hitzarmenik. Alberto Martinez egungo Osasun sailburuak baieztatu du erabakia, eta adierazi du Osakidetzak ez duela epe laburrean Vithasekin harreman komertzialik izango.

Ate birakariak

EH Bilduk Sagarduiren lanpostu berriari kritikak egin dizkio, eta onartezintzat jo du. Adierazi dute ez dela harritzekoa izan erabakia, halakoak lehenago ere gertatu izan direlako. Gainera, argudiatu dute "sari" gisa eman diotela kontratu hau sailburu ohiari, karguan zegoela osasun sistema pribatuari lagundu izanagatik. Etikaren aurkako erabakia hartu izana leporatu diote.

Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarreko bozeramaileak Pradales lehendakaria galdekatu du, argitu dezan ea eredugarria iruditzen zaion Sagarduiren erabakia, eta ea bat datorren berak sustatutako itun etikoarekin. Jon Darpon Osasun sailburu ohia ere sektore pribatura pasa zen sailburu izan ostean, eta antzeko hainbat kasu daude EAJren kargudunekin.

Sagarduiren agintaldia

Osasun sailburu gisa emandako urteetan Covid-19aren pandemia kudeatzea egokitu zitzaion Sagarduiri. Bestalde, Osakidetzaren kalitatea asko jaitsi zela salatu izan dute hainbat eragile eta alderdik. Itxaron zerrendak asko handitzea, langileen lan baldintzak okertu eta mediku plantilla gabeziak izatea leporatu izan diote, besteak beste. Murrizketak eta inbertsio falta izan ziren salatutako beste alderdi batzuk.

Eta Osakidetzaren kalitate galera horrek kaltea egin dio EAJri hauteskundeetan. Lehendakaritzarako azken hauteskundeetan gai nagusietako bat izen zen, eta Imanol Pradales lehendakariak ere lehentasunen artean jarri zuen Osakidetzan "lehen mailako kalitatea" berreskuratzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago