Gasteizko teilatuen potentzial fotovoltaikoa erraz ikusteko mapa aurkeztu du udalak

Erredakzioa 2025ko urt. 9a, 09:52

Gasteizko teilatu guztiak agertzen dira eguzki mapan. Argazkia: Gasteizko Udala

Eraikin bakoitzean panelak instalatzeko bideragarritasuna azaltzen du mapak, eta identifikatzen ditu bakoitzaren errentagarritasuna eta inbertsioaren kostu zenbatetsia.

Gasteizko Udalak "eguzki mapa" bat jarri du herritarren eskura, hiriko teilatu guztien potentzial fotovoltaikoari buruzko informazioa doan eskaintzeko asmoz. Eraldaketa Komunitariorako Bulegoak aurkeztu du mapa, bizilagunei eguzki energia jartzeko plana erraztu nahian. Gazteleraz, ingelesez eta katalanez ikus daiteke bertako informazioa.

Gasteizko hiriaren 3D modelo bat garatu dute, eta bertan bereizi dituzte eraikinen gainazal guztiak. Itzala egiten duten elementuak ere kontuan hartu dira gainera, izan zuhaitzak, beste eraikinak, mendiak eta bestelako oztopoak. Hala, fotovoltaikoak instalatzea bideragarria litzatekeen "toki guztiak" identifikatzeko aukera emango du mapak, eta bakoitzak zenbat ekoiztuko lukeen ere kalkulatzeko gai da, instalazio bakoitzaren orientazio eta inklinazio egokia kalkulatuta.

"Gasteiztar guztiek hiriko trantsizio energetikoarekin bat egin ahal izateko" aurkeztu dute mapa, eta esteka honetan sakatuta ikus daiteke. Bertan ikus daiteke leku bakoitzean zenbat panel jarri beharko liratekeen, gutxi gorabehera zenbateko kostua izango lukeen, zein errentagarritasun, eta zenbat aurreztuko luketen bizilagunek, beste datu batzuen artean.

Borja Rodriguez Ingurumen zinegotziak azaldu du tresna honekin herritarrei eman nahi izan dietela "beren etxebizitzari edo negozioari buruzko erabakiak hartu ahal izateko informazio guztia". Nabarmendu du energia fotovoltaikoa dela "etorkizun handienetakoa" duen iturri berriztagarria, eta abantaila duela erraz instalatu daitekeelako hiriguneetan, "beste iturri batzuk iritsi ezin diren tokietan". Gaur egun sorkuntza iturri merkeena dela ere adierazi du zinegotziak.

Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatu da eguzki mapa, eta baita Eraldaketa Komunitariorako Bulegoa bera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago