Urarteko baratzak eskatzeko epea ireki du Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2025ko urt. 9a, 09:49

Lurra lantzeko aukera ematen diete gasteiztarrei Urarteko baratzek. Argazkia: ALEA

Laborantzarako 50 lursail baino gehiago eskainiko dituzte eta 4 urtez ustiatu ahal izango dira.

Ingurumen Gaietarako Ikastegiak urtarrilaren 9an ireki du Urarteko udal baratzeetako lursailak eskatzeko epea. Aurten, 50 lursail baino gehiagotarako sarbidea eskaini ahal izango da eta gehienez lau urtez erabili ahal izango dira. Lursail bat erabiltzeko eskaera egiteko epea otsailaren 7an amaituko da. Horretarako, eskaera aurkeztu beharko da San Martingo Bulego Teknikoetan edo Herritarren Arretarako Udal Bulegoetan.

Honako hauek dira baratze horietako bat eskuratu ahal izateko baldintzetako batzuk: adinez nagusia izatea, biztanleen udal erroldan egotea eta deialdia argitaratu den dataren aurreko bi urteetan udal lursail bat erabili ahal izateko baimenik ez eskuratu izana.

Baratze horiek Abetxukun, Zadorrako parkean (Eraztun Berdea), dagoen baratzezaintza ekologikorako udal ekipamendua dira, eta 2007an jarri ziren martxan gasteiztarrek laborantzarako gero eta lursail gehiago eskatzen zituztela ikusita. Orain arte, nekazaritzarako lur horiek erabili ahal izateko ia 1.000 baimen eman dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago