Judimendiko jai batzordeko kideak martxan jarri direla iragarri dute, eta aurten beste urte batzuetan baino lehenago hasi dira lanean, ekainaren 19tik 23ra Judimendiko jai herrikoiek 50 urte beteko dituztelako eta dena antolatzeko prestaketa dagoeneko abiatu nahi dutelako. "Duela 50 urte, auzoko talde zoro bat hasi zen jai herrikoien antolakuntzan auzoan zein Gasteizen erreferente izango ziren data batzuei kolorea ematen", gogoratu dute.
Hortaz, aurtengo ekaina ospatzeko data izateaz gain, "omentzeko eta komunitatea saretzeko" baliatuko dutela adierazi du auzoko jai batzordeak. "Asko izan zarete jai herrikoi hauetan zuen aztarna utzi duzuenak, belaunaldiz belaunaldi jai herrikoien antolakuntzan aritu zaretenak, mila-mila esker bihotzez; eta horregatik, aurtengo jaiak guzti horiek omentzeko espazioa izango dira. Ezinezkoa izango litzateke belaunaldiz belaunaldi auzoan antolatuta egon zareten guzti horiek gabe; ez baitago jai herrikoirik auzo antolaturik gabe", azpimarratu dute.
Aurten, gainera, auzoko komunitate askotarikoarekin lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du jai batzordeak,"auzoko komunitateak egiten baititu Judimendiko jaiak". Horregatik, hurrengo urtarrilaren 21ean arratsaldeko 18.00etan bilera irekia egingo dute Judimendiko auzo elkartean, jaien inguruan solasteko. "Dei egin nahi diegu auzokide orori, eta bereziki auzoko belaunaldi berriei jaien antolakuntzan parte hartzera".