Gasteizko Amvisako bezeroaren arretarako zerbitzuko langileek greba mugagabean hasi dute urtea, "Gasteizko Udalak eta PSEk (udal sozietateko presidentea) ez dutelako langileekin bildu nahi konponbidea aurkitzeko", salatu dutenez. ELA sindikatuak akordiorako oinarriak jasotzen dituen dokumentu bat bidali dio enpresari; horretan plantilla handitzea eta lanaldi osoak eta lan egonkortasuna bermatzea eskatzen dute. Era berean, Amvisari eta, batez ere, Gasteizko Udalari negoziatzeko deia egin diete.
Zerbitzuko bost langileak greban daude azaroaren 18tik. Denbora tarte horretan, azpikontratatutako enpresarekin bilera bakarra egin dute, inolako akordiorik lortu gabe. "Gasteizko Udalak eta Amvisak ez dute urratsik egin. Ez dute bilerarik deitu eta ez dira harremanetan jarri langileekin edo sindikatuarekin".
ELAren esanetan, grebaren jarraipena "erabatekoa" izaten ari da, eta pertsona bakarra ari da lanean, Eusko Jaurlaritzak zeregin jakin batzuetarako gutxieneko zerbitzuetan izendatutakoa.
ELAk adierazi du gatazkari irtenbidea eman beharrean, Gasteizko Udalak "legez kanpo ordezkatu dituela grebalariak eta greba eskubidea urratu duela". Hala salatu du, gainera, Lan Ikuskaritzan.