Langile bat hil da Gasteizen Baskonia-Alavesen zelaietako obretan

Erredakzioa 2025ko urt. 7a, 14:32

Iazko urtarrilean lan istripua salatzeko egindako elkarretaratzea. Argazkia: ALEA

Urteko lehen lan istripu hilgarria izan da goizean, eraikuntza sektoreko lehen lan egunean. CCOO sindikatuak elkarretaratzea deitu du ostegunerako, heriotza salatzeko.

51 urteko gizon bat hil da gaur goizean Gasteizen, hondeamakina batek azpian harrapatuta. Baskonia-Alavesen nazioarteko akademia eta erresidentzia izango diren lurretan futbol zelaien eraikuntzan zebilen lanean, eta lurra berdintzen ari ziren bitartean izan da ezbeharra.

Ikerketa abian jarri dute jadanik, heriotzaren nondik norakoak argitzeko, baina lehen informazioen arabera giza akats baten ondorioz gertatu da istripua. 10:15ak aldera jazo da, eta momentuan bi langile zebiltzan lanean, bata hondeamakina gidatzen, eta bestea inguruan.

Baskonia-Alaves taldeak doluminak helarazi dizkie hildakoaren senide, lagun eta lankideei, eta adierazi du Ertzaintza eta Osalanen esku jarriko dela, istripuaren inguruan ikertu beharrekoetan laguntzeko. Urteko lehen lan istripu hilgarria izan da goizekoa. Gainera, eraikuntzaren sektoreko lehen lan egun ofiziala zen gaurkoa.

CCOO sindikatuak jakinarazi du langilea Excavaciones Mendiola SL enpresako langilea zela, eta azpikontratatuta zebilela lanean Construcciones Urrutia enpresaren esanetara. Sindikatuak elkarretaratzea deitu du lan heriotza salatzeko, eta elkartasuna adierazteko hildakoaren senide eta lagunei. Andre Maria Zuriaren plazan bilduko dira etzi, urtarrilak 9 ostegunean, 12:00etan, eta bertaratzeko dei egin diete herritarrei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago