Izaskun Arrue Kulturguneak Kultura bonua eskaini du, 2025. urtean zehar haiek antolatutako ekintza guztietara joateko balioko duena. Sarrera erosi beharreko 22 jarduera inguru egingo direla aurreikusi dute Lazarraga elkarteko kideek, kulturgunearen kudeatzaileek.
Kontzertuak, bakarrizketak, bertso-saioak, antzerkiak eta bestelako ikuskizunak izango dira IAKn urtean zehar, eta bonua dutenek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Hala ere, jardueraren batera hurbiltzeko asmoa izatekotan, sarrerak erreserbatzeko eskatu diete bonudunei ere, edukiera bermatu ahal izateko.
Kultura bonua eskuratzen dutenek urtaroz urtaro jasoko dute informazioa, bonua erabiltzeko zein aukera izango dituzten jakinarazteko. Izan ere, IAKk zuzenean antolatzen ez dituen ekimenak ere egongo dira kulturgunean, eta horietarako ez du balioko bonuak. 70 euro balio dituen bonua pertsonala eta transferiezina izango da, eta jardueretara eramatea ezinbestekoa izango da, sartu ahal izateko.
2025eko egitaraua
Jarduera guztiak zehaztu ez badira ere, dozenaka ekimen prestatu dituzte urte honetarako. Etzi, ostegunean, Paul Urkijo zinema zuzendaria egongo da Gasteizko antzokian, Irati filmaren arteari buruz hitz egiten, filmaren artea lantzen duen liburua aurkeztearekin batera.
Ondoreneran beste hainbat kontu izango dira. Joseba Irazoki eta Eñaut Zubizarretaren kontzertuak, Karkarkar: Probalekua euskarazko bakarrizketetarako tartea, Maialen Lujanbioren RR_6_erre(AH)ala ikuskizuna, erakusketak, Euskaldunentzako Jabetze Eskola... denetik egongo da IAKn. Agendari maiz begiratzeko gomendioa egin dute antolatzaileek.