Ehun mila bisitarien langa gainditu du Artium Museoak

Erredakzioa 2025ko urt. 7a, 10:24

Bisita gidatua Artium Museoan. Argazkia: ARTIUM

Iragan urteko balantzea egin du Artium Museoak. Goranzko bilakaerari eutsi dio zentroak bisitarien kopuruari dagokionez. Bisitarien laurdena gazteak direla azpimarratu dute, eta gehienak emakumezkoak.

Artium Museoak, 100.000 bisitari jaso ditu 2024an, hau da, 2023an baino %16 gehiago. Arduradunek azpimarratu dutenez, 2020. urteaz geroztik, pandemiaren urteaz geroztik, museoak goranzko bilakaerari eutsi dio, eta, horri esker, inauguratutako urtean eta hamargarren urteurrenean lortutako kopuruetara iritsi da.

"Artium Museoak sendotu egin du nazioko eta nazioarteko lankidetza sarea, besteak beste honako erakunde hauekin partekatutako proiektuen bitartez: Bruselako Kanal Centre Pompidou, Reina Sofía Museoa, Valentziako IVAM edo CRAC Alsace. Halaber, programa publikoen eta hezkuntza programen eskaintza ere sendotu du". Ondarearen ikuspegitik, Artium Museoa Bilduma handitu da, erosketa berriekin, eta, horrez gainera, bertako lanik ezagunenetako bat, Javier Perezen Un pedazo de cielo cristalizado, zaharberritzeari ekin ahal izan dio.

Bisitarien jatorriari dagokionez, museoko arduradunek nabarmendu dute EAEtik kanpoko bisitarien kopurua sendotu egin dela, guztizkoaren %61era iritsi baita, eta bisitarien laurden bat baino gehiago (%26) Arabakoak izan direla.

EAEtik kanpoko bisitarien kopuru horretan, Frantzia, Italia, Britainia Handia eta Alemaniakoak izan dira, hurrenez hurren, bisitari gehienak. Espainiako beste erkidego batzuetako bisitariak, berriz, guztizkoaren %36 izan dira. "Talde horretan, Madrilgoak eta Kataluniakoak dira Artium Museora gehien etortzen direnak, eta horien atzetik Nafarroakoak, Andaluziakoak eta Valentziakoak". Euskal erabiltzaileek guztizkoaren %39 osatu dute 2024an, 2023an baino bi puntu gehiago. Bisitarien erdia baino gehiago arabarrak izan dira, eta gainerakoak Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritakoen artean banatu dira.

Bisitarien laurdena, gazteak

Adinaren araberako banaketari dagokionez, aurten ere museora egiten diren bisiten ia laurdena (eskola programetakoak kontuan izan gabe) 25 urtetik beherakoenak izan direla. "Aipagarria da, halaber, lau adin tarte handien arteko banaketa orekatua: 24 urtetik beherakoak %22; 25 eta 44 urte bitartekoak %26; 45 eta 65 urte bitartekoak %37; 65 urtetik gorakoak %15. Generoari dagokionez, bisitari gehienak emakumeak izan dira (% 54; gizonak % 46).

Museoaren programazioari dagokionez, 2024. urtea "dinamismo handiko urtea" izan dela azaldu dute, bai erakusketen esparruan, bai programa publikoen eta ondarearen esparruan. "Lehenengoan, museoak aniztasunak, parekotasunak eta nazioarteko eta tokiko testuinguruekiko arretak markatutako proposamenak osatzen jarraitu du. Patricia Dauder, Ibon Aranberri, Joxerra Melguizo eta Joëlle Tuerlinckx artisten erakusketa monografikoei Eduardo Txillidaren eta Nestor Basterretxearen mendeurrenei lotutakoak gehitu zaizkie, Artium Museoa erakunde koordinatzailea izan baita azken horretan". Museoak, halaber, Edonor denok inor ez erakusketa aurkeztu zuen, euskal testuinguruan artearen irakaskuntza instituzionalizatzera bideratua, 2022an abian jarritako Pentsatzeko leku bat lanarekin hasitako ikerketa proiektuaren jarraipen gisa.

Ondarearen eremuari dagokionez, Esther Ferrerren Números primos (2003-2023) lana Artium Museoaren barruko plazan zaharberritu eta birkokatu ondoren, Javier Perezen Un pedazo de cielo cristalizado (2001) lana zaharberritzeko "proiektu konplexuari" ekin zaio 2024an, museoaren atari nagusian.

Hezkuntza programa zabala

Programa publikoen eta hezkuntza programen esparruan, Artium Museoak hainbat programa finkatu ditu, hala nola Lotura mekanikoak performanceen nazioarteko zikloa, arte garaikidearen hastapenei buruzko ikastaroa, udako ikastaroa –EHUrekin lankidetzan–, edo UNEDekin lankidetzan antolatutako ikastaroa. 2024an programa berriak jarri ditu martxan Artium Museoak, hala nola Amarauna familientzako hileroko jarduera zikloa, Bor-bor, asteburuko tailer irekien proposamen berria, eta TRAMA, hiru egunez mugimenduan den irudiaren eta literatura eta musika bezalako beste diziplina batzuen arteko harremanak agerian uzten dituen programa.

Horrez gainera, museoak inguruko kultur eragileekin dituen lankidetzei jarraitu die, hala nola honako hauekin: danZálava, Dantzan Bilaka, Euskadiko Filmategia, Gaztefilm Fest, Euskadiko Arkitektura Institutua, Frantziako Institutua Bilbon, Goethe Institutua, Korterraza eta In Situ Jaialdia.

Azkenik, Artium Museoaren argitalpen estrategiaren jarraipena azpimarratu dute museoko arduradunek. Erakusketa guztiekin batera argitaratutako koadernoez gainera, Juncal Ballestín. Artxiboa liburua argitaratu da 2024an, artistaren dokumentu funtsarekin Artium Museoko Dokumentazio Zentroan egindako lanaren emaitza. Bestalde, AMA aldizkariaren hirugarren alea argitaratu da: Lotura mekanikoak. "Oraingo honetan, museoaren programari buruzko hausnarketa egin da, afektuen teoriaren luparekin begiratuta". Azkenik, aipatzekoa da ildo editorial berri baten sorrera, boz., Euskal Artisten Dokumentazio Zentroari lotutako argitalpen sorta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago