ARGAZKI GALERIA

Olentzero eta Mari Domingi iritsi dira Gasteiza

Erredakzioa 2024ko abe. 24a, 13:16

Goiz goizetik, hurbildu diren haurrekin egoteko tartea hartu dute Olentzero eta Mari Domingik Gasteizko udaletxean. Desfile nagusia arratsaldean izango da, 18:00etan Iparralde gizarte etxetik abiatuta.

Galtzagorriek lagunduta, Gasteizko haurren eskutitzak jaso dituzte gaur goizean Olentzero eta Mari Domingik, gaueko opari banaketa prestatzen joateko. Goizeko 10:00etan hasita, ilara luzea sortu da Plaza Berrian, bikote mitologikoarekin egon nahi zuten ume eta guraso guztiekin.

Ehunka haur pasa dira Mari Domingi eta Olentzeroren altzotik goizean zehar. Batzuk pixka bat lotsatiak izan diren arren, laster ausartu dira hurbildu eta euren eskutitz eta marrazkiak ematera.

Kalejira arratsaldean

Urteroko ibilbidea jarraituz, Iparralde Gizarte Etxearen eta Andre Maria Zuriaren plazaren arteko ibilbidea egingo dute Olentzero eta Mari Domingik, 18:00etan hasita. Aurtengo berrikuntza nagusiena izango da baso mitologikoa irudikatzen duen karroza bat gehiago egongo dela aurten. Guztira, 400 bat lagunek parte hartuko dute kalejiran. Andre Maria Zurira iritsitakoan, agurra egingo dute gasteiztar guztiei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago