Zaballako martxan jasotako isunei aurre egiteko elkartasun jaialdia

Erredakzioa 2024ko abe. 19a, 10:05

Aske antolakundearen "Elkartasuna ez da delitua" dinamikaren aurkezpena. Argazkia: ALEA

153.600€ko zigor ekonomikoari aurre egin nahi dio Aske antolakundeak. 128 isunetako dirua biltzeko jaialdia antolatu dute gaur, osteguna, Gasteizko Gaztetxean, 'Elkartasuna ez da delitua' kanpainaren baitan.

Iazko abenduaren 30ean Zaballako espetxera martxa antolatu zuen Aske errepresioaren aurkako antolakundeak, eta pertsona ugari bertaratu ziren euskal preso politikoei elkartasuna adieraztera. Espetxearen mugak pasatzea egotzita, 128 isun jaso zituzten, 1.200 eurokoa bakoitza, guztira 153.600€ ordaintzeko aginduz martxan parte hartu zutenei.

Elkartasuna ez da delitua antolakundea sortu zuten, zigorrei aurre egiteko, eta elkartasun ekimen ugari antolatu dituzte. Hurrengoa gaur bertan izango da, Gasteizko Gaztetxean, 20:00etatik aurrera. Graffiti erakusketa, kontzertuak eta DJak egongo dira bertan, "Elkartasun Gaua" deitu duten jaialdian.

Elkartasuna eta Amnisitaren kriminalizazioa

Kanpainaren aurkezpenean salatu zuten kriminalizatu eta delitu bilakatu nahi dituztela elkartasuna eta amnistiaren aldeko borroka. Ertzaintzaren tratu txarrak ere salatu zituzten Askeko kideek. "Heriotz mehatxuak, jipoiak, goitik behera grabatu eta miaketetan ukituak" egitea leporatu zieten ertzainei, eta kritikatu polizia zigorgabe utzi izana. Euskal Herriko mugimendu iraultzailea indargabetzeko estrategiaren barruan kokatu zituzten aipatutako isunak, "zigor ekonomikoen bidez etorkizuneko praktika politikoa baldintzatzea da xedea".

Aske antolakundetik salatu zuten Madrilen diseinatutako Mozal legea baliatzen dela edozein protesta eta mobilizazio zigortzeko, "euskal polizia saltzen diguten bitartean". Bestelako borroketan aplikatzeko aurrekaria sortu nahi izateaz ohartarazi zuten. Bestalde, gaitzetsi egin zuten delitu bilakatu nahi izatea euskal preso politikoekiko elkartasun adierazpenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago