Migratzaileek auzoa eraikitzen dutela aldarrikatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko abe. 19a, 09:39

Eliteen eta bazterketaren aurkako mezuak zabaldu ziren mobilizazioan. Argazkia: Bachue Elkartea

Pertsona migratuen nazioarteko egunaren harira, manifestazioa egin zuten dozenaka lagunek Gasteizen. Europako faxismoaren gorakadaz ohartarazi eta elkarbizitzarako deia egin zuten.

Azken hilabeteetan hainbeste zeresan eman duen Errota auzoan abiatu zen asteazken arratsaldez manifestazioa, "Auzokideak gara, auzoa eraikitzen dugu" lelopean. Arrazakeria, migrazioa eta errefuxiatuen gaiak lantzen dituzten hainbat elkartek deituta, dozenaka lagun hurbildu ziren deialdira, eta eskuin muturreko diskurtsoak hauspotzea leporatu zieten eliteei eta "haien mendeko komunikabideei".

Gasteiz Antirrazista, Tinkuy migratzaileen kolektiboa, Amnesty International, Bachue kolektiboa, Zehar errefuxiatuekin eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak batu dira deialdian, eta Gasteizko beste hainbat eragileetako jendea ere egon zen mobilizazioa babesten, Errotatik Andre Maria Zuriaren plazara egindako ibilbidean. Europako gorroto diskurtsoen gorakadaz kezkatuta, kontinentea gotorleku "errepresibo eta faxista" bilakatzen ari dela salatu zuten, pertsonen bizi baldintzak kaltetzen ari diren bitartean.

"Marlaska zitala, saltatu zuk hesia" (Marlaska canalla, salta tu la valla) eta "Atzo kolonizatu genuen, gaur baztertzen dugu" bezalako mezuak entzun ahal izan ziren ibilbidean, eta Andre Maria Zuriaren plazan egindako elkarretaratzean.

Arrazakeria diskurtsoak ere izan zituzten jo puntuan. Antolatzaileek azaldu zutenez, pertsona migratu eta arrazializatuei leporatzen zaizkie "gizartearen gaitz guztiak", eta elite politiko eta ekonomikoen helburua hori zela salatu zuten, "beldur direlako eliteen pribilegioak zalantzan jarriko lituzkeen altxamendu" baten aurrean.

Gizartean zabaltzen ari diren gezurrak salatu zituzten, "jendea konbentzitzeko soldatak, pentsioak eta gizarte zerbitzuak txarrak badira ez dela enpresari esplotatzaileen errua, baizik eta enplegua lapurtzen duten migratzaileena". Diotenez, "gezur hauek mila aldiz errepikatzeak" eragina du auzoetan, kalte egiten dio elkarbizitzari, eta arazoen aurrean "erantzun bateratua" emateko aukerak suntsitzen ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago