Hala Bedi irratiak urteko parrilla berria aurkeztuko du larunbatean

Erredakzioa 2024ko abenduaren 18a

Hala Bedi Tabernan egongo da urte osoan zehar parrillaren irudia. Argazkia: Hala Bedi

Urteroko parrillada egingo dute Hala Bedi irrati libreko kideek abenduaren 21ean, larunbatez, Hala Bedi Tabernan. Zuzeneko emisioa egingo dute goizean, eta programazio berria iragarriko dute.

Arabako irrati autogestionatuaren 42. urteari hasiera emango diote larunbat honetan, parrilla berriaren aurkezpenarekin. Hala Bedi Tabernan iragarriko dute ikasturte honetako programazioa.

Goizean hasita, 11:00etan zuzeneko emisio bat egingo dute tabernatik bertatik, eta irratsaio berrietako kideak igaroko dira bertatik, haien saioak aurkezteko. 13:00etan egingo da parrilla berriaren aurkezpena.

Programazio berria iragarri du Hala Bedik, lau irratsaio berrirekin, eta guztira 26 irratsaio propio ekoiztuko ditu irratiak. Kultura arloko sei, musikari buruzko hamabi, eta zortzi gizarte gaiei buruzkoak. Hamaika irratsaio izango dira euskaraz, eta 15 gaztelaniaz. Hala Bediren kate elebidunean, Hala Bedi 1 katean, entzun ahalko dira saio guztiak, 107.4 FMan (107.7 Arabako Errioxan) edo halabedi.eus webgunean.

Goizetan irratiaren magazinek izango dute protagonismoa. Hizpidea saioa entzungo da aste barruan, 8:00etatik 10:00etara, eta Suelta la Olla erdarazko magazina 10:00etatik 12:00etara. Aurten egongo diren irratsaio berriei buruzko informazioa ere zabaldu dute:

Arrapataka

Elkarren artean batere loturarik ez duten askotariko gaiak landuko dituzte saio honetan, dibulgazioa helburu. Uxue Perez eta Xabat Mujika lehengusuak arituko dira bertan, bitxikeria zale guztientzat.

Kafe Procope

Musika oinarri izango duen saioa, mundu honen bueltako gai anitzen inguruan "diskriminaziorik gabe solasean" aritzeko tartea izango da.

Obaba

Gaurkotasuna landuko du Obaba saioak, informazioa helburu izanik. Astero aditu berri bat izango dute, haien ikerketa esparruari buruz luze hitz egiteko. "Betiere kritikotasuna lanabes eta egia bidelagun".

Radio Rebelde

Asteko informazioaren analisia, Espainiar Estatuan zein Europa, Amerika, Asia-Pazifikoa eta Afrikako geopolitikarekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago