Iaz ez zen Mazokarik egon, baina aurten bai, bueltan da, bere IX. edizioan. Mundu mailan geroz eta sona gehiago izaten ari den jaialdiak askotariko artistak bilduko ditu Montehermoso Kulturunean, Gasteizen, abenduaren 20tik 22ra. Entzute handiko profesionalek, zein ilustratzaile hasiberriek izango dute aukera beren lanak erakusteko, eta doakoa da sarrera.
Bertaratzen direnek azokan ikusi eta eskuratu ahal izango dituzte ilustrazioak, margotutako ehunak, zeramika lanak, kartelak eta liburu ilustratuak, beste gauza askoren artean. Maider Etxebarria alkateak ekimenaren garrantzia nabarmendu du, hirian "geroz eta garrantzi handiagoa" dutelako "kultura eta sorkuntza arloko industriek".
Parte hartzeko eskaerek errekorra hautsi dute aurten, ia 400 artistek eskatu baitute Mazokan parte hartzea, Euskal Herritik eta atzerritik etorritakoek, eta 40 besterik ez dira hautatuak izan. Estatu mailan ilustrazioaren munduko erreferente bilakatzen ari da Mazoka, antolatzaileen ustez, eta horren erakusgarri da artistek jaialdiari emandako garrantzia.
Ez da artisten lanak ikusteko lekua soilik izango, hala ere. Bisita gidatuak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak ere egongo dira bertan, adin guztietarako pentsatuak. Ilustrazioari balioa eman nahi dio azokak, arte eta ofizio gisa, eta nabarmendu nahi du historikoki emakumezkoena izan den arlo honen garrantzia.
40 postu egongo dira azokan, arte grafikoz beteta, eta beste hainbat gauza ere egongo dira. Ilustramatoia ere izango da, kartoizko makina handi bat, barruan marrazkilariak dituena. Aholkularitza ilustratuaren zerbitzua ere eskainiko dute, bertara eramateko arazo, istorio, poema edo ametsen bat, eta ilustrazio bidezko errezeta batekin irteteko. Bisita gidatuak, hitzaldiak eta aurkezpenak ere ez dira faltako, hiru eguneko programazioan. Hemen ikus dezakezue osorik, Mazokaren webgunean.