ELA sindikatuak deituta, Arabako egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Andre Maria Zuriaren plazan, euren lan baldintza "eskasak" salatu eta probintziako lehen hitzarmen sektoriala eskatzeko. Sindikatuaren hitzetan, negoziazio mahaiak blokeatuta jarraitzen du eta patronalak ez du bilerarik adostu.
40 greba egun deitu dituzte jada sektoreko langileek, baina hitzarmena ez du gertu ikusten ELAk. Hala ere, positibotzat jo du Arabako Foru Aldundian EAJ, PSE eta EH Bilduk adostu duten aurrekontu akordioa, bertan jaso baitute lehen hitzarmen probintziala lortzeko diru partida bat.
Dirua egonda ere, negoziazioko aldeak "oso urrun" daudela ohartarazi du sindikatuak, eta aldundiak "soldataz eta lanaldiaz" soilik hitz egiten duela. ELAren hitzetan, langileak "lan kontzeptu guztiak biltzen dituen hitzarmenaren alde" ari dira borrokatzen. Negoziaketekin zer gertatuko zain gelditu gabe, 2025. urtean mobilizazio berriak izango direla iragarri du sindikatuak, "sektore osorako hitzarmen probintzial duina lortu arte"