Neguko programazioa aurkeztu du IGIk, 55 jarduerarekin

Erredakzioa 2024ko abe. 17a, 16:08

Natura eta negua uztartuko dituzte jardueren programazioan. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, ibilbide naturalistikoak eta familiarentzako jarduerak biltzen ditu programazioak.

Orotara 55 jarduera izango dituen negurako programazioa aurkeztu du IGI Ingurumen Gaietarako Ikastegiak. Ekimen gehienak Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan, Atarian eta Olarizuko Lorategi Botanikoan egingo dituzte, urtarriletik martxora.

Programazioaren aurkezpenean, Borja Rodriguez Gasteizko Ingurumen zinegotziak "jasangarritasunari eta desazkundeari" buruz emango dituzten bi lantegi nabarmendu nahi izan ditu:. Jasangarritasunari buruzkoan, "kontsumismo neurrigabearen" aurrean "ongizateari eta bizi kalitateari lehentasuna emango dioten alternatiba jasangarriak" eskainiko dituztela dio udalak. "Desazkundeari" buruzkoan, berriz, gaiaren inguruko "tresna praktikoak" emango dituztela aurreratu dute. 

Gai klasikoak ez dira faltan izango. Hala, argi kutsadurari buruzko hitzaldian emango dute, eta Globe at Night izeneko mintegian gaueko zeruaren kalitatea neurtzen irakatsiko dute. Ornitologiak ere izango du protagonismoa, Andoni Llosa naturalistak zuzendutako hainbat ibilbideren bitartez. Hitzaldietan jorratuko dituzten beste gai batzuk honakoak izango dira: azukreren gehiegi kontsumoa, haitzuloak, basoen kontserbazioa. 

Aitor Ventureiraren Ecos del bosque liburuaren aurkezpen ibiltaria egingo dute, hainbat zuhaitz espezieren aldamenean jarri eta bakoitzaren gaineko istorioen berri emanez. Botanikarekin jarraituz, Patxi Heras eta Marta Infante briologoek Armentiako basora bisita egingo dute, goroldio eta hepatikoen espezie esanguratsuenak erakusteko. Olarizuko Lorategi Botanikoak bisita gidatuen eskaintzarekin jarraituko du. Negu honetan baso mediterraneoa landuko dute. Euskadiko Hazien Sareak ate irekien jardunaldiak egingo ditu Etxaldean, hilabete bakoitzeko lehen ostiralean.

Jardueretan izena emateak abenduaren 26an irekiko dituzte, Atarian, gizarte etxeetan, 010 telefonoan eta udalaren webgunean bertan. Programa osoa, hemen dago ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago