Gasteizko Udalak ikerketa zabaldu du, udaltzainen bajak argitzeko

Erredakzioa 2024ko abenduaren 17a

Lan baldintzak negoziatzen ari dira udaltzainak. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Ertzaintza Udaltzaingoarekin elkarlanean arituko da Olentzero, San Silvestre eta Errege Magoen segurtasuna bermatzeko.

Igandean Udaltzaingoan izandako baja ugariren atzean egon daitezkeen arrazoiak argitzeko ikerketa zabaldu duela iragarri du Gasteizko Udalak; nahiz eta udalak berak zabaldu duenez, aldi baterako gaixotasun bajak izan ziren gehienak.

Hainbeste baja pilatzeak egun horretan egin zen Maratoi Erdian eragin zuzena izan zuen, boluntarioei esker konpondu ziren hainbat zailtasun eraginez. Maider Etxeberria Gasteizko alkateak aitortu du "deigarria" egiten dela "hainbeste udaltzainek baja hartzea, hirian hain ezaguna eta maitea den ekintza baten atarian".

Ertzaintzarekin batera

Gabonetarako egunetara begira, Segurtasun sailak ziurtatu du aurreikusita dauden ekintzak bere horretan mantendu ahal izateko "aparteko baliabideak" jarriko dituela. Hartara, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Polizia Koordinaziorako Batzordearen ezohiko bileran erabaki dute Ertzaintza Udaltzaingoarekin elkarlanean arituko dela Olentzero, San Silvestre eta Errege Magoen segurtasuna bermatzeko.

Gainera, udal gobernuak eskura duen guztia egingo duela agindu du, udaltzainen bajen ondorioz ekitaldirik bertan behera gera ez dadin. "Onartu ezin dena da Udaltzaingoaren gutxiengo baten aldarrikapenen ondorioak herritarrek pairatzea, dela isunen bidez, edo dela ekitaldiak bertan behera uztera behartuta", esan du.

Halaber, CCOO eta Sipla sindikatuei "gogoeta" egiteko eskatu die. Lan baldintzak hobetzeko negoziazio betean daude Udaltzaingoa eta udala, eta duela egun batzuk arretazko greba egitea ere erabaki zuten hainbat poliziak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago