Gasteiztik eskainiko ditu ETBk Urtezaharreko kanpaiak

Erredakzioa 2024ko abe. 17a, 13:54

Julen Telleria, Ilaski Serrano, Leire Martinez eta Africa Baeta arituko dira aurkezle. Argazkia: EITB.

Ilaski Serranok eta Julen Telleriak aurkeztuko dute ETB1eko saioa, Plaza Berritik.

Azkeneko urteetan egin duten moduan, Gasteizko Plaza Berritik agurtuko du urtea EITBk, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en. Festa handia antolatuko dute Plaza Berrian, musikarekin, su artifizialekin eta hainbat sorpresarekin. 23:00etatik aurrera, mahatsak eta kotilioi poltsatxoak banatuko dituzte bertaratu nahi duten guztien artean.

ETB1en lehen aldiz Ilaski Serrano izango da kanpaien emanaldian, Julen Telleriarekin batera. Plazan bildutakoei elkarrizketak egiten Iñigo Agirre kazetaria izango dute. ETB2n, berriz, Africa Baetarekin batera, Leire Martinez aurkezle eta kantaria arituko da. Txurruk, berriz, plazako giroa eta ahotsa jarriko die bertan direnei. Eitb.eus-en zuzenean emango dira bi saioak.

Kanpaien ondoren, su artifizial saio batekin emango zaio hasiera urte berriari EITBko bi telebista kanaletan, eta lau aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa. Sorpresen artean, euskal talde ezagun baten saioa izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago