Amvisako langileek greban jarraituko dute abenduaren 31ra arte

Erredakzioa 2024ko abe. 16a, 18:45

Greba amaitzeko elkarrizketa galdegin dute AMVISAko langileek. Argazkia: ELA

ELA sindikatuak salatu duenez, Gasteizko Udaleko arduradunek uko egin diote langileen biltzeko eskaerari.

Hilabete daramate greban Amvisa Gasteizko urak kudeatzen dituen enpresaren langileek, eta horretan segituko dutela iragarri du ELA sindikatuak, Gasteizko udal arduradunen aldetik jarrera aldaketa ikusten ez badute. Beraz, gutxienez, abenduaren 31ra arte jarraituko dute greban.

ELAk aditzera eman duenez, abenduan zehar elkarrizketak izan dira zerbitzuaren enpresa esleipendunarekin, baina ezin izan da akordiorik lortu. "Bien bitartean, Amvisako gerentziak, zinegotzi arduradunak eta Gasteizko alkateak uko egin diote greban dauden langileekin biltzeari". ELAk dei egin dio Gasteizko Udalari gatazka konpontzeko, eta lehenbailehen bilera bat egiteko prest dagoela adierazi du.

Valentziako enpresa batek eskaintzen du zerbitzua, Gasteizko Udalak azpikontratatuta. Sindikatuaren arabera, lanaldi partzialak dituzte, lan karga handiak, eta ez dute subrogaziorako eskubiderik; hortaz, beren lanpostuak etengabe daude arriskuan. Gainera, hileko 1.100 euro inguruko soldata dute. Horregatik, euren aldarrikapen nagusiak dira lanaldia handitzea, langile gehiago kontratatzea eta subrogaziorako eskubidea bermatzea.

Langileek azpimarratu dutenez, hobekuntza horiekin langileen egoera egonkortuko litzatekeela, eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetuko litzateke.

Bihar, abenduak 17, langileek elkarretaratzea egingo dute Gasteizko Plaza Berrian, 11:30ean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago